Gaurko LegazTipi-Tapa Plazaolako parke bio-osasungarrira hurbildu da
Kiroldegiko begirale baten laguntzaz, kirol aparatuak probatzeko aukera izan dute partaideek. Beste bi saio egingo dituzte, maiatzaren 11n eta ekainaren 1ean.
LegazTipi-Taparen gaurko jarduera desberdina izan da, ohiko paseoarekin batera, partaideek Plazaolako parke bio-osasungarrian dauden kirol aparatuetan ibiltzeko aukera izan dutelako. Aparatu guztien funtzionamendua erakutsi die lehenik Bikuña kiroldegiko begirale batek, eta gero probatu egin dituzte.
Horrelako saio gehiago egingo dituzte maiatzaren 11n eta ekainaren 1ean, ordu beteko iraupenarekin, 10:30ean hasita.
Tipi Tapa, ostegunero
Legazpiko Tipi Tapak ostegunero egiten ditu ibilaldiak, eta 10:30ean ateratzen da Euskal Herriko plazako Oilarretik. Herriko hainbat elkarteko, ikastetxeetako eta beste erakunde batzuetako pertsonak biltzen dira, jarduera fisikoa egiteko eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburuarekin.
Legazpiko Udalak dei egiten die legazpiar guztiei, ibilbide horietan parte hartzera, eta Plazaolako gune horretan egingo dituzten bi saio horietara ere bai, parke hori behar bezala erabiltzen ikasteko.