Buztintegik manifestazioa deitu du apirilaren 1erako Osasun Zentroko egoeraz protestatzeko
Hutsik geratu zen mediku postua berriz betetzeko Osakidetzari egindako eskaeraren erantzuna ez dela argia diote. Plazarik ez dela murriztu erantzun zuen, "baina lehen sei zeuden eta orain bost".
Pentsiodunen eta jubilatuen Buztintegi elkarteak manifestazioa antolatu du apirilaren 1erako, Legazpiko osasun zentroko egoeraz protestatzeko. Manifestazioa Laubideko Eroski paretik aterako da 12:00etan, eta Santikutz kalea eta Kale Nagusia zeharkatu ondoren, plazan amaituko da.
Osasun zentroko familia mediku baten erretiroaren ondoren, Osakidetzak plaza hori ez du berriz bete, eta orain bost medikuk egin behar diote aurre lehen sei medikuren artean banatuta zituzten paziente kopuru berberari. Osakidetzari seigarren medikua eskatzeko sinadura bilketa egin zuen Buztintegik urtarrilean zehar, guztira 2.316 herritarren firmak bilduz.
Gotzone Sagarduy Osasun sailburuari helarazi zioten ondoren eskaera, eta haren erantzuna jaso zuten aste batzuetara. “Erantzun hori ez da argia” diote Buztintegiko ordezkariek, besteak beste Legazpin familia mediku plazarik ez dela murriztu esaten duelako, “baina lehen sei zeuden eta orain bost”.
Erantzun horren aurrean, erakunde eta enpresa batzordeekin jarri da harremanetan Buztintegi, “Osakidetzak
hartutako erabakiari, hau da, erretiratutako medikuaren pazienteak beste bosten artean banatzeari uko egiten diogula adierazteko”. Adierazpen horretan sartzen da apirilaren 1erako deitu duten manifestazioa.