Legazpiko hiru idazleren liburuetako protagonistak hizpide, Bergaretxe Geltokiko 'Ellas' bermut literarioan
Lara Odriozola, Mari Romero eta Ane Odriozola idazleen solasaldiak publikoz bete du Miceleku areto berria.
Bergaretxe Geltokiko Miceleku aretoa bete egin zen igande eguerdian, bigarren bermut literarioaren aitzakian. Ellas izeneko saioak Legazpiko hiru idazle izan zituen ardatz, eta hiru idazle horiek idatzitako liburuetako emakumeak izan ziren protagonistak. Lara Odriozola, Mari Romero eta Ane Odriozola ziren idazleak. Solasaldiaren amaieran, partaide guztiek bermuta eta pintxoak dastatzeko aukera izan zuten.
Miceleku aretoa Bergaretxe Geltokiak berriki martxan jarritako zerbitzua da. 80 metro koadroko espazio bat da, sukaldea eta jangela ere badituena, eta bilerak, aurkezpenak, topaketak eta abar egiteko balio du. Apartamentu turistikoetako bezeroei eta enpresei, elkarteei, erakundeei edo partikularrei zuzenduta dago.
Bergaretxe Geltokia Legazpiko Brinkolako auzoan kokatuta dauden apartamentu turistikoak dira.