Udaberriko kanpaina jarriko du martxan Ilintik bihar
Lore landareak banatuko dituzte bezeroen artean. Garagunek eta ikastolako ikasleek egindako lore eta erleekin apaindu dituzte dendak.
Aurten ere lorez eta erleez beteko dituzte Ilinti merkatari elkarteko dendak Legazpin, udaberriko kanpaina laguntzeko. Kanpaina horren barruan, loreak oparituko dizkiete bezeroei.
Bezeroen artean banatzeko 1.500 txartel kaleratu ditu Ilintik, bihartik hilaren 31ra bitartean sei komertzio desberdinetako beste hainbeste zigilurekin osatu behar direnak. Behin beteta, hilaren 23tik apirilaren 5era bitartean Mimaru lora dendan, Beti Eder mertzerian edo Garagunen entregatu behar dituzte, eta trukean lore landare bat oparituko zaie.
Dendetako apaingarriak, bestalde, Garaguneko erabiltzaileek eta Haztegi ikastolako ikasleek egin dituzte. Ez da lehen aldia Ilintik eta Garagunek elkarlanean jarduten dutena. Hain zuzen, Garaguneko kideen inklusioa bultzatzen duten ekintza gehiagoren antolaketan murgilduta daude bi erakundeak.