Zientzia Astean murgilduta daude Domingo Agirre ikastetxean
Energiaren gaiari eskaini diote aurtengo edizioa. Bihar ikasleak oinez joango dira eskolara, eta arratsaldean eguzki labearen funtzionamendua erakutsiko dute.
Astelehenean hasi eta ostiralera arte, Zientzia Aste berri batean murgilduta daude Legazpiko Domingo Agirre eskola publikoan. Energiari eskaini diote aurtengo edizioa, eta gai horren inguruko ekintza ugari landuko dituzte. Bihar egun berezia izango da, eskola orduetatik kanpo erakustaldi bat egingo dutelako, gurasoak eta herritar guztiak gonbidatuta.
Esperimentuak dira Zientzia Aste honen ardatzetako bat, eta ikasleek hainbat egiteko aukera izango dute aste osoan zehar. Hala, errota hidraulikoa, plaka fotovoltaikoak, energia eolikoa, makina termikoa, eskuko haizagailua, globo aerostatikoa eta lurrunezko txaparen funtzionamendua ezagutuko dituzte.
Eskulanak dira energiari eskainitako aste honen beste ardatza, eta zikloka banatuta, hainbat lan egingo dituzte ikasleek. Haur Hezkuntzakoek haize errotak egingo dituzte, lehen ziklokoek airez propultsatutako kotxeak, bigarren ziklokoek gomaz propultsatutakoak eta hirugarren ziklokoek, gomaz propultsatutako hegazkina.
Eguzki labearen funtzionamenduaren erakustaldia
Bihar asteazkena izango da Zientzia Astearen egun nagusia, ikasgeletatik eta laborategietatik aterako direlako ikasleak eta gurasoekin eta herritar guztiekin konpartituko dituztelako ekintzak.
Goizetik hasiko da egun berezi hori, eta ikasle guztiei oinez joateko gonbidapena luzatu zaie. Bestalde, patioan, pilotalekuan egokitutako txokoan erakusketa bat egongo da ikusgai, eskulan eta esperimentu saioetan egindako tresnekin.
Baina ekintza nagusia 16:30ean hasiko da, eguzki labeak nola funtzionatzen duen erakutsiko dutelako. Bertaratzen direnei, labe berezi horretan prestatutako zerbait dastatzera emango diete.