Altxorrez beteriko basoa dago Agirre-Etxeberri parkean
Bertan dauden zuhaitzak ezagutzera emateko bisita gidatu bat egin dute. Zuhaitz askoren ondoan, informazioa zabala ematen duten identifikazio plakak daude jarrita.
Legazpi erdi-erdian dagoen Agirre-Etxeberri parkeak altxor galantak ditu jendearen agerian, balio handiko zuhaitzak hain zuzen, baina ez dira oso ezagunak. Asko dira kopuruz, eta espezie anitzekoak gainera, ia baso bat osatzeraino. Atzo arratsaldean, Basoen Nazioarteko Eguna zela baliatuz, bisita gidatu bat egin zuten bertara hogeitik gora herritarrek, aniztasun hori eta bitxikeriaren bat edo beste ezagutzeko.
2030 Eskola Agendako ikasleek egindako proposamen batetik sortutako ideia izan zen bisitarena. Ingurumen ekintzetarako Galemys enpresako Margi Iturriza biologo eta irakasleak gidatu zuen.
Zuhaitzak, zaindu beharrekoak
Iturrizaren azalpenei jarraituz, ordu betetik gorako ibilbidea egin zuten parkean. Doinua Musika eskolako sarrera nagusiaren aurrean egin zuten lehen geldialdia, bertan dauden pago, haritz eta ezki handiak ezagutzeko. Eraikinaren ezkerraldeko pasora joan ziren gero, bidean magnolioa, likidanbarra eta agina ikusteko. Etxearen behe aldean dauden bi palmondoak aipatu zituzten ondoren, eta gero, lorategiaren ezkerraldera jo eta hemen oso ohikoa ez den artelatza, urki iletsua, ezki hosto zabala, urkia eta korostia aurkeztu zituzten. Beheko sarreran dauden indiar gaztainondoen txanda izan zen gero, eta parkeko beste aldetik gorako bidea hartuta, artearekin, astigarrarekin, haritz kandugabearekin eta ezpelarekin amaitu zuten paseoa.
Ibilbidean era askotako azalpenak eman zituen Iturrizak, zuhaitzen jatorriari, hostoen eta loreen propietateei edo egurraren erabilerari buruzkoak, besteak beste. Jendearen jakin-mina piztea zen helburua, baita sentsibilizazioa ere. Bere jardunaren amaieran esan zuen bezala, zuhaitzek «kutsadura xurgatzen dute, berotik eta zaratatik babesten dute, politak dira eta lasaitasuna transmititzen dute», eta horregatik zaindu egin behar dira.
Identifikazio plakak
Agirre-Etxeberriko parkeko zuhaitzei buruz gehiago jakiteko ondoan dituzten identifikazio plakak begiratzea gomendatu zuen Iturrizak, informazio ugarri dutelako bilduta.
Legazpiko Udalak jarri ditu plaka horiek, herri osoan 40 guztira, eta gehienak parke horretan daude.