Santikutz jaietan txosna kudeatzeko eskariak egin daitezke hilaren 29ra arte
Apirilaren 28tik maiatzaren 3ra arte egongo da irekita. Udalak eliza atzealdean jarriko duen karpan barra eta ekitaldietarako oholtza egongo dira.
Aurten ere ez da txosnarik faltako Legazpiko Santikutz jaietan. Udalak ireki du bere kudeaketarako eskariak egiteko epea, eta hilaren 29a, asteazkena, izango da horretarako eguna. Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin beharko da eskaera. Azken urtetan Legazpin ekintzak antolatu eta egin dituzten herriko elkarteek edo taldeek bakarrik eskatu dezakete txosna ustiatzea, eta gehienez bi esleipendun izango dira.
Ohi bezala, udalak karpa bat instalatuko du eliza atzeko gunean, 10x20x3 metrokoa, eta barra eta ekitaldietarako oholtza izango ditu. Apirilaren 28an irekiko da, 18:00etatik aurrera, eta maiatzaren 3an itxiko da, beranduenez, 21:00etan.
Iazko jaietan ekitaldi ugari antolatu zituzten txosnagunean, besteak beste Kaos Etiliko eta Anker taldeen kontzertuak, Andoni Oilokiegi eta Pantxoa Karrere musikarien emanaldiak eta Eneko Gutierrez magoaren magia ikuskizuna.