Udaberri Sariko eskuz binakako bi final Legazpin eta Ataunen jokatuko dira, ostiralean
Bi herri horietako eta Zaldibiako, Lazkaoko eta Beasaingo hainbat bikote sailkatu dira finaletarako.
Gipuzkoako Udaberri Sariko finalak jokatuko dira asteburuan, eta horietako batzuk Legazpin eta Ataunen izango dira. Bi herrietako pilotariak sailkatu dira finaletara, baita Lazkaokoak, Zaldibiakoak eta Beasaingoak ere, eskuz binaka guztiak.
Legazpiko Urbeltz pilotalekuak txapelketako bi final hartuko ditu bihar, 19:00etan. Lehenik, mendebaldeko bigarren mailako kadeteak arituko dira, Azkoitia (Eñaut Aldazabal-Imanol Bastida) Beasaingo Murumendiren aurka (Julen Ariztimuño-Oier Landa). Ondoren, mendebaldeko nagusien bigarren mailako finala izango da jokoan, Bergara (Unai Cagigas-Beñat Iñarra) eta Legazpiko Gazteak 2 taldearen artean (Ion Agirre-Jokin Altuna).
Ataungo Auzoetan, ekialdeko bigarren mailako kadeteen finala jokatu dute, 19:15ean. Zazpi Iturri (Aitor Carrera-Ametz Gorostidi) eta Ataun (Oier Izagirre-Aetz Lopez) izango dira lehian.
Goierritik kanpoko finalak
Goierritar gehiago ere iritsi dira Udaberri txapelketako finaletara. Hala, mendebaldeko finaletan, Zaldibiako Gaztelupe elkarteko lehen mailako Jokin Mendizabal eta Josu Mendizabal jubenilak Aloña Mendiko Manex Guridi-Manex Madinagoitia bikoa izango dute aurkari bihar, Oñatin, 18:30ean. Ondoren, Gipuzkoako finalean, Lazkaoko Lapke elkarteko Ortzi Harreguy eta Enaitz Oliden bigarren mailako jubenilak Ilunpe taldeko Jokin Bidezabal-Aner Lizaso bikoaren aurka ariko dira.
Eibargo Astelenan, bestetik, nagusien bigarren mailakoen Gipuzkoako finala izango da 19:00etan, eta bertan neurtuko dira Eibar 2 (Mikel Azkargorta-Felix Conde) eta Legazpi 1 (Gorka Martin-Josu Ibarguren).
Amaitzeko, larunbatean 11:00etan, Donostia-Atano III.a pilotalekuan jokatuko da ekialdeko nagusien bigarren mailako finala, Alde Zaharra (Iñaki Atxa-Iraitz Huegun) eta Murumendiren (Beñat Leunda-Aimar Usabiaga) artean.