Lantegi zaharretako tximiniak, ondo zaindu beharreko ondarea
Sprilur erakundea, Elbarrena auzoko industriagunea berreskuratzeko egiten ari den lanen barruan, bi tximinia handiak konpontzen ari da, egoera txarrean zeudelako. Udalak babestutako elementuak dira.
Legazpiko tximiniarik altuenak konpontzeko lanak amaitzen ari dira, hiru hilabeteko prozesu baten ondoren. Sprilur erakundea Elbarrena auzoan birmoldatzen ari den industriagunean kokatuta, oso egoera txarrean zeuden. Handiena andamioz inguratu ondoren, iazko abenduan hasi ziren biak konpontzen. Lanen aurrekontua 400.000 eurokoa da.
Adreiluz egindakoak dir. Tximinia txikienak 30 metroko altuera du, eta altuenak 60 metrokoa, hau da, 12-14 pisuko altuera duen eraikin baten parekoa da. Patricio Echeverria lantegiko ijezketa edo laminazio nabe berriaren ondoan daude, eta 1950-1960 hamarkadetan eraiki zituzten.
Gaur ez dute inolako funtziorik betetzen, baina Legazpiko Hirigintza Ondarea Babesteko eta Zaintzeko Plan Berezian babes mailarik gorena dute. Herriko industria ondarearen elementu garrantzitsuak dira
Erortzeko arriskuan
Euskal erkidegoko industria lurra kudeatzen duen Sprilur sozietate publikoaren jabetzakoa da tximiniak kokatuta dauden eremua, Elbarrena auzoko A.U. 35 Bellota-GSB eremuko b.10.35.5 lurzatia hain zuzen. Hasieran Patrizio Etxeberriarena, eta gero Sidenor enpresarena izan zen. Horrek bere jarduera amaitutzat eman eta libre utzi zituen 90.716 metro koadroko instalazioak 2018an erosi zituen Sprilurrek. Bederatzi milioi euro inbertitu zituen erosketan, eta orain, 14 milioiko proiektu bat du indarrean bertan, industria jarduera berriz ere martxan jartzeko. Proiektu horren barruan kokatzen dira bi tximiniak konpontzeko lanak.
Bi elementu horiek oso egoera txarrean zeuden, eta materiala jauzi eta inguruko eraikinak eta jendea kaltetzeko arriskua zegoen, baita tximiniak osorik erortzeko arriskua ere. Tximinia altuenaren goiko partea zegoen egoera okerrenean.
Lanen xehetasunak
Bistako adreiluz eginda daude bi tximiniak, kono-enbor formako sekzioak dituzte eta metalezko eraztunak eta eskailerak dituzte kanpo aldean. Sprilurrek azaldu duenez, birgaitze eta garbiketa prozesu oso sakona behar izan dute. Horretarako, ondar txorrotadak erabili dituzte, eta tratamendu fungizida bat eman diete, azaleran onddoak eta lizunak saihesteko. Tratamendu hidrofugoa ere eman diete, inpermeabilizatzeko eta uretatik isolatzeko.
Azpiegituran ere egin dituzte hainbat lan. Pitzadurak konpondu dituzte eta egoera txarrean zeuden adreiluak kendu eta itxura berdineko berriak jarri dituzte. Tximinia handian, gainera, goi parteko irisgarritasun arazoak eta lan egiteko zailtasunak tarteko, arrisku gehien zuten ilarak kendu dituzte eta barruko hutsunea enkofratu batekin bete dute. Kanpoko burdinezko eraztunak ere garbitu dituzte, eta berniza eta pintura eman diete, babesteko eta jatorrizko itxura mantentzeko.
Zaharberritze lanez gain, tximistorratz berri eta desberdin bat jarriko dute tximinia handian, tximista erakarri ordez saihestu egiten duena, inguruko karga elektrikoak konpentsatuz. Telekomunikazio dorretan erabiltzen dira horrelakoak.
Laminazioko labeak
Patricio Etxeberriaren enpresako urte oparoenen arrastoak dira bi tximiniak, 1950 eta 1960 hamarkadetan zehar eraikitakoak, ijezketa nabeko labeen ondoan. Ijezten ziren burdin totxoak berotzeko ziren labeak
Laminazio hartan lan egin zuen Antonio Tabuyok azaldu duenez, herritik gertuen dagoen tximinia, hau da, txikiena, langileek ‘llanton’ deitzen zuten burdinazko pieza egiteko labearena zen, eta handia, llantona baino pieza handiagoak lantzen zituen labearen tximinia zen.
Patrizio Etxeberriaren lantegian bi ijezketa zeuden, 1931ean eraikitako goikoa eta behekoa, 1953koa. Goikoa, gaurko industrialdea egiteko eraitsi zuten. Beheko pabiloia oraindik zutik dago, Elbarrenan.