Espaloiak konponduko dituzte Laubide eta Arantzazu auzoak lotzen dituen kalean
Asfaltos Urretxu S.A. enpresak egingo ditu, 33.583,55 euroko aurrekontuarekin.
Legazpiko Udalak Laubide eta Arantzazu auzoak lotzen dituen kaleko espaloiak konponduko ditu. Astelehenean, hilak 23, hasiko dituzte lanak, eta lau eta sei aste inguruko iraupena izango dute. Asfaltos Urretxu S.A. enpresak egingo ditu, 33.583,55 euroko aurrekontuarekin.
Lanak, zehazki, Laubide auzoko eta Arantzazu auzoko kale perimetralean egingo dituzte, hau da, Etxe Sindikalaren eta eskolaren arteko bidegurutzetik, Laubide auzoko biribilgunera doan errepidearen bi aldeetan dauden espaloiak berrituko dituzte, eta 415,80 metro koadro hartuz guztira.
Arantzazu auzo aldeko espaloi zatiak 88 metroko luzera du eta 2,63 metroko zabalera, eta Laubide aldekoak, 88 metroko luzera eta 2,30 metroko zabalera. Bi aldeetan baldosa altxatuko dute espaloia berdintzeko, eta Laubide auzoko zenbaki bakoitien eremukoaren antzeko itxura inprimatuarekin amaituko sute. Zintarriak ere birmoldatuko dituzte, akabera ona izan dezaten. Arantzazu aldeko espaloiarekin hasiko dira, eta Laubide aldekoa konponduko dute gero.