Arrasetan 50 ametz eta 50 haritz gehiago daude igandetik
Zuhaitz Egunaren barruan egin zen landaketa. Inguru horretan beste 1.500 landare aldatu ditu udalak, gehienak haritzak, hemengo basoa berreskuratzeko.
Lehen orduan euria egin bazuen ere, legazpiarrak ez ziren kikildu eta Zuhaitz Eguna ospatzera hurbildu ziren igande goizean Arraseta mendira, udalak egindako deialdiari erantzunez.
Aurten 100 zuhaitz landatu dituzte, 50 mendiko haritz (Quercus petraea) eta 50 ametz (Quercus pyrenaica), Legazpin jasotako hazietatik sortutako landareak ziren guztiak.
Zuhaitz gazte horiek landatutako eremuan, bestalde, beste 1.500 landare ere sartu ditu udalak joan den astean zehar, batez ere haritzak. Basoa Modu Iraunkorrean Kudeatzeko Plan Teknikoaren jarraibideei jarraituz, 2022an bost hektarea pinu moztu ziren bertan, eta landaketa horrekin hemengo basoa berreskuratzeko asmoa du udalak.