Antzizarko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko proiektua aurkeztu dute Udalak eta Aldundiak
Udalerriko sarrera nagusia den bidegurutze honetako bide segurtasuna hobetzeko helburua du esku-hartzeak.
Beasaingo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak Beasaingo Antzizargo bidegurutzean bide-segurtasuna hobetzea helburu duen proiektua aurkeztu dute. Foru erakundeak eta Beasaingo Udalak, biribilgune bat eraikiko dute eremu horretan, trafiko ugari biltzen den puntu beltza baita.
Beasaingo alkate Leire Artolak nabarmendu du, “aspaldiko behar bati erantzungo” diola aldaketak, eta esker ona azaldu dio Aldundiari. “Beasaingo bidegurutze honek konponbidea behar zuen bertan pilatzen den trafikoak puntu beltza bilakatu zuelako. Inguruko herrietatik gure udalerrira sartzeko bidegurutzea da. Beraz segurtasuna hobetzeko azpiegitura erabakigarria izango da. Trafikoaren segurtasunaz gain, herritarrena eta bereziki, auzotarrena hartu dira kontutan proiektu honetan. Izan ere, kiroldegia eta Loinazpe ikastetxea sarbide honetan aurkitzen dira horrek eragiten duen pertsona eta ibilgailuen mugimenduarekin”, esan du Artola alkateak.
Ezaugarriak
Gaur gaurkoz, T formako bidegurutzea da Antzizargoa, eta proiektuarekin aurreratu duten moduan, biribilgune batek ordezkatuko du. 34m-ko diametroa izango duena, eraztun-errei bat, 6 metroko zabalerakoa eta metro bateko bazterbideduna. Bide adar bakoitzak 4 metroko zirkulazio-sarrerako errei bana izango du, eta 4,5 metroko irteera-errei bana. 3 metroko zapaltzeko gune bat ere izango du, eta horri esker, ibilgailu bereziek biraketa maniobra egingo dute barne eraztuneko zoladuraren gainera igoz.
Ormaiztegirako norantzan, kiroldegirantz ezkerretara bira egiteko aukera kenduko da, gidariek biribilgune berrira iritsi beharko dira kiroldegira iristeko. Horrela, kiroldegi aurrean zegoen T erako bigarren bidegurutze hau ere desagertu egingo da.
Horretaz gain, Katea kaleko norantza aldatzea proposatzen da, batetik lasterbide moduan erabilia izan ez dadin, eta bestetik kiroldegiko aparkalekuaren sarrerako bidegurutzea arintzeko. Hirugarren ekarpen nagusia, herri-erdigunerako norantzan dagoen autobus geltokiaren espaloia zabaldu eta irisgarritasun baldintzak hobetzearena izan da.
Proiektua eta lizitazioa argitaratzeko prest daudela jakinarazi du Beasaingo Udalak, baina hauteskundeak medio, lizitazioa maiatza ondoren jarriko litzateke martxan eta obrak urteko bigarren seihilabetean egin ahal izatea espero da. Egitasmoa jada Foru Aldundiko 2023ko aurrekontuetan txertatua dago, 385.000 euroko diru-partidarekin. Egikaritze epeari dagokionez, 3 hilabete ingurukoa izatea aurreikusten da.