Euskarazko film laburren gaua izango da bihar Lazkaon, Laburbira zirkuitukoa
Areria zineman, zazpi film labur ikusi ahalko dira, asteazkenean 21:00etan hasiko den emanaldian. Euskaraz egindakoak dira guztiak. 20. urtea ari da garatzen Laburbira, martxoaren 6tik apirilaren 5era.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta eta Gerriko kultur elkarteak ekarrita, Laburbira emanaldia izango da bihar, asteazkena, Lazkaon. Areria zineman, 21:00etan hasiko da. Sarrera 2 euro da.
Euskaraz ekoitzitako film laburren 20. zirkuitua ari dira aurten garatzen, martxoaren 6tik apirilaren 5era bitartean. 32 herritan, denera 34 emanaldi ari dira eskaintzen. Goierrin, hiru herrik antolatu dute Laburbirako emanaldia: Lazkaon bihar, Legazpin apirilaren 4an (kultur etxean, 19:00etan), eta Ordizian ere apirilaren 4an (Herri Antzokian, 19:30ean).
Zazpi film ikusi ahalko dira, zirkuitu osoan bezala Lazkaon ere:
- Olatuen isiltasuna (Maria Bartolome, Erik Campos eta Fernando Martin)
- Koadro goriari heldu (Julen Arana)
- Asko falta da? (Ane Cuesta)
- Hitzak (Josu Martinez)
- Muskil (Marina Perosanz)
- Irrits (Maider Oleaga)
- Erlojupekoa (Leire Egaña).
Sinopsiak eta laburpenak, Topagunea.eus webgunean.