Lazkaoko Ezarri enpresa saritu du Gipuzkoako Bazkundeak
Gipuzkoako enpresa txiki eta ertain industrial onenaren saria eskuratu du beirazko mosaikoak egiten dituen etxea. Fakturazioaren %70 estatutik kanpora du Ezarrik. Sektoreko maila altuenetan lortu duen posizioa balioetsi diote, teknologia inbertsio, biltegiratze gaitasun eta entregetan epe betetze bikainen ondorio.
Gipuzkoako Bazkundeak gaur banatu ditu Donostian Gipuzkoako Enpresa Sariak, 2023ko enpresa onenei errekonozimendua emateko 31. sariketan. Lazkaoko Ezarriri eman diote bost aitortzatako bat, enpresa txiki eta ertain industrial onenarena, hain zuzen ere. Sari nagusia, Azpeitiko Elmubas Petfood Groupek jaso du, 2023ko “Gipuzkoako Enpresa” izendatuta. Oñatiko Lana kooperatibak “Enpresa Nazioartekotzea” saria, Lazkaoko Ezarrik “ETE Enpresa Industrialari” saria, Donostiako Gureak-ek “Zerbitzu Enpresa” saria eta Donostiako IRISBONDek “Berrikuntza Enpresa” saria jaso dituzte, hurrenez hurren.
Ezarrik 74 langile dauzka, eta Zubierreka industrialdean du faktoria. Munduko bost kontinentetako 91 herrialdetan merkaturatzen ditu beira birziklatuzko hautsez egindako baldosatxoen mosaikoak. 17 milioi euroko fakturazioa du, Gipuzkoako Bazkundearen arabera; %70, estatutik kanpora saldutakoa.
Balio erantsi handiko ekoizpena
Beirazko mosaikoen sektorean Ezarrik “balio erantsi handiko merkatu-ildo bat” jorratzen duela balioetsi du Bazkundeak. Igerilekuetarako, eraikuntzetarako eta dekorazio elementuetarako estaldurak ekoizten ditu, beti ere kalitate estandar altueneko negozio-eremuan kokatuta. “Bezeroen beharrak asetzeko egiten duen lan etengabea da produktu mota horren gama altuko segmentuan erreferente izatera eraman duen funtsezko pieza”, aitortu diote Ezarriri, sari emate ekitaldian.
Gaur saritutako bost enpresetatik lauk nazioarteko proiekzioa dutela nabarmendu dute. Ezarriren kasuan, inbertsio teknologikoan egindako lana ere goraipatu dute. “Enpresak teknologiaren aldeko apustua egin du beti, eta inbertsio-erritmo konstanteari eutsi dio. Horri esker, fabrikari automatizazio-maila handia eman dio ekoizpen prozesuan eta biltegiratzean”.
Biltegiaren funtsezko funtzioa da nazioarteko eskariari erantzuteko Ezarrik duen tresna baliotsuenetako bat. “Erabat automatizatutako biltegia edukitzeak mosaikoen 300 erreferentzia baino gehiagorekin lan egiteko aukera ematen die, baita bidalketak prestatzeko eta entregatzeko zerbitzua edukitzeak ere”. Entregetan, eskarien %99 baino gehiagorekin epea betetzen duela nabarmendu dute.