Lazkaoko San Silvestre kroseko kamiseta soberakinak Ruandara eraman dituzte
Lazkaoko eta Olaberriko herriek emandako laguntzarekin, Giharan laguntzen ari diren garapen proiektuak ikusiko ditu Rwanda Taldeko Felix Alonsok. Lehen beharretako zenbait material eraman ditu, tartean haurrentzat kamisetak.
Goierriko elkartasuna Ruandara bidean da, beste urtebetez. Lazkaoko Rwanda elkarteko Felix Alonso ositralean abiatu zen Gihara herrira. Elkartasunezko garapen proiektuak martxan dituzte Lazkaoko eta inguruko gobernuz kanpoko erakundeek han. Rwanda Taldea aspalditik ari da Giharako eta beste herrixketako haurrentzat eskolak, jangelak eta bestelako oinarrizko zerbitzuak nahiz azpiegiturak eraikitzen.
Tartean, Lazkaoko eta Olaberriko herriek emandako diru laguntza da elkartasun proiektuen sustengatzaile. Udalek, ikastetxeek eta herritarrek parte hartu zuten iaz ere. Felix Alonsok hilabete bateko egonaldia egingo du Giharan, eta Olaberriko nahiz Lazkaoko udalen laguntzarekin burutzen ari diren proiektuak bertatik bertara ikusiko ditu.
Bidaia aprobetxatuz, beste opari batzuk ere eraman ditu Alonsok. Lazkaoko Antzar Korrikalariak taldeak zenbait kamiseta eman ditu, Giharako haurrei eramateko. San Silvestre krosean banatu gabe geratu ziren elastikoak dira. Oinarrizko beharretarako materiala eta tresnak ere eraman ditu.