Motorrarekin amesten
Oraindik gaztea den arren, urte mordoa darama Xabi Zurutuzak motorraren gainean. Moto 3 kategorian lehiatzen ari da egun, eta pozik dago orain arte egindakoarekin. Maiatzean hasiko du sasoi berria.
Xabi Zurutuza Torresek (2006, Legazpi, Gipuzkoa) lau urte besterik ez zituela eduki zuen lehen ibilgailu motorduna, eta egun hartatik aurrera etengabe hazi da bi gurpilen munduan. 2021ean, Hawkers European Talent Cup-era iritsi zen, eta, han hirugarren egin zuenez, 2022rako Team MTA taldearekin sinatu zuen, Junior GP Munduko Txapelketako Moto3 kategorian lehiatzeko. Emaitza ikusgarririk lortu ez duen arren, «pozik» dago azken sasoian egindako lanarekin.
Beste 29 pilotu lehiatzen dira Zurutuzarekin batera, eta hemezortzigarren gelditu zen azken sasoian gipuzkoarra. Egokitzeko urtea izan duela azpimarratu du, baina bere bilakaerarekin «pozik» dagoela nabarmendu du: «Denboraldi zail samarra izan zen. Talent Cupeko hirugarren postuan egotetik nentorren, eta maila hori gainditzea zaila zen. Egokitzapen urtea izan zen, eta asko ikasi dut».
Zurutuzaren lehen lasterketak onak izan ziren. Estorilen (Portugal) hamargarren postuan amaitu zuen, eta Valentziako saio bikoitzean postua berretsi zuen. Ondoren Bartzelona etorri zen, eta, hamargarren postutik, bederatzigarrenera egin zuen salto. Ondorengo lasterketetan, aldiz, zortea ez zuen alde eduki, eta arazoak izan zituen erregulartasuna mantentzeko. «Zorte pixka bat falta izan zitzaidan azken lasterketetan. Lehiatzeko eta ondo egiteko prest ikusten nuen neure burua, baina beti gertatzen zen zerbait. Puntuetatik kanpo geratzen nintzen, edo, bestela, erori egiten nintzen. Lehia estua dago, eta akatsak garesti ordaintzen ditu edonork».
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.