National Geographic Viajes irakurleen saria lortu du GR-283 Idiazabal Gaztaren Ibilbideak
Asturiaseko Comarca de la Sidra, Andaluziako Via Verde del Aceite, Gaztela Leongo Ribera de Duero eta Arabar Errioxako Ardoaren ibilbideekin zegoen izendatuta.
GR-283 Idiazabal Gaztaren Ibilbideak National Geographic Viajes-en irakurleen saria lortu du. Edozein puntutatik egin daitekeen arren, Ordizian hastea eta amaitzea gomendatzen dute. 96 kilometro ditu, 6 etapatan banatuta dago eta Goierri, Urola Garaia eta Deba Goiena bailarak zein Aizkorri-Aratz eta Aralarreko parke naturalak gurutzatzen ditu. Espainiako 4 ibilbiderekin batera zegoen izendatuta.
Asturiaseko Comarca de la Sidra, Andaluziako Via Verde del Aceite, Gaztela Leongo Ribera de Duero eta Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidea ziren izendatutako beste ibilbideak. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azaldu du “aurretik egindako lanari errekonozimendu handi bat” dela, eta nabarmendu du gaztaren ibilbidea ez dela natur eta turismo esperientzia bat bakarrik: “Ibiltariak alojamendu mota ezberdinez gozatu ahal izango du. Hori ere bada gure bereizgarria”.
Erreserbak, nazioartetik
Ibilbide berritzailea, jasangarria eta turismo ez-inbaditzailea izatea izan dute kontuan saria banatzerakoan. National Geographic Viajes-ek bere argitalpenetan Gaztaren Ibilbidearen berri emango du. “Sarituak gu izateak poz handia ematen digu. Horrek sekulako difusioa suposatzen du”, gehitu du Leire Arandia Goierriko Interpretazio Zentroko arduradunak. Udari begira, “oso espektatiba onak” dituzte, eta dagoeneko jaso dituzte lehenengo erreserbak. “Australiatik, Holandatik beste bat. Ikusten da ez dela bakarrik estatu mailakoa”. Ibilbidearen informazio eta kudeaketarako puntu nagusia Ordiziako D’elikatuz Zentroan kokatzen da. Erreserba www.idiazabalgaztarenibilbidea.com webgunean egin behar da. Jasotako eskaeren arabera bezero bakoitzari proposamen pertsonalizatua egingo diote.
Zenbait argitalpenetan
Niko Osinalde Goitur-eko zuzendariaren hitzetan, “industria turistikoaren adierazle garrantzitsua” da ibilbidea, eta sariak erakusten du “aintzat hartzen” dela. “Eskualde osoa hartzen du, herriguneak eta landa eremuak. Produktu turistiko oso bat da”. National Geographic-en argitalpenetan ateratzeaz gain, Euskal Herritik kanpoko beste bi hedabidetan ere egin diote aipamena ibilbideari: Kataluniako mendi federazioaren aldizkariko azalean agertu da, eta Europako turismo webgune ofizialean proposatu dituzten 10 ibilbideen artean ere aipatu dute. Azken horretan, Finlandia, Portugal, Kroazia, Eslovenia, Alemania , Italia, Belgika eta Errumaniako ibilbide ezberdinekin batera azaltzen da Goierrikoa.
Atzo egin zuten sariaren bueltako aurkezpena, Ordiziako Oiangu parkean, bertatik ere pasatzen baita ibilbidea. Oianguri lotuta, Ezenarrok nabarmendu du Next Generation diru laguntzak jasotzeko “garrantzia handia” izan duela parkeak, “bertan kokatzen delako egingo den aterpetxe berria eta kokatuko den funtzio anitzeko eremua, GR-283 ibilbidea osatuz”.