Renfek CAF enpresari esleitu dio aldiriko 29 tren elektriko hornitzeko kontratua
Renferen inbertsio planaren helburuetako bat da "tren flotaren zati handi bat berritzea", eta bide horretan, Beasaingo enpresari esleitu dion hirugarren kontratua da.
Beasaingo CAF enpresari esleitu dio Renfek aldiriko 29 tren elektriko hornitzeko kontratua, ia 200 milioi euroan, Renfeko administrazio-kontseiluak astelehen honetan onartu duenez. Trenen mantenua 15 urtez eta ordezko piezak ere sartzen dira kontratuan. Gainera, beste 9 tren elektrikoren hornidura handitzeko aukera ere iragarri dute.
Renferen inbertsio planaren helburuetako bat da “tren flotaren zati handi bat berritzea, eragingarriagoak eta jasangarriagoak diren unitateak gehituz”. Berritze prozesu horren barruan, Beasaingo enpresari esleitutako “hirugarren kontratua” dela azpimarra egin du CAF-ek. Ondorioz, azken akordio honekin, bien arteko negozio bolumena, “750 milioi euro baino gehiagokoa” da.
Ezaugarriak
CAFek fabrikatuko dituen trenak lau kotxek osatuko dituzte eta 500 bidaiari baino gehiago garraiatzeko edukiera izango dute. Gainera, punta-puntako aurrerapenak izango dituzte, bai teknologian, bai bidaiariarentzako ibilgailu barruko erosotasunari eta irisgarritasunari dagokionean. Mugikortasun murriztua duten pertsonei sarbide erraza eskaintzeko diseinatuta eta ikusmen edo entzumen arazoak dituztenentzat bidaia erosoago egiteko sistemak dituzte, besteak beste.
Errekorra kontratazio bolumenean
2022 urteari dagokionez, kontratazio-bolumenaren kopuruetan errekorra lortu du CAF-ek; 6.000 milioi euro baino gehiago izan dira sinatutako proiektuei esker. Ondorioz, urtearen amaieran, eskarien zorroa 13.000 milioi euro baino gehiagokoa izan da. Azpimarra egin dute, “zifra hori lehen aldiz lortu da CAFen historia luzean”. Hori horrela, aldi estrategiko berriari “baikortasunez” ekin dio taldeak. Izan ere, 2026. urteari begira, “oso helburu anbiziotsuak” finkatu ditu, “hazkundeari eta errentagarritasunari” dagokienez.