Legazpiko Nagusilan elkarteak jasoko du aurtengo Olaria saria
Maiatzaren 3an entregatuko dio udalak, Santikutz jaietan, ezpata-dantzaren ekitaldian zehar.
Aurtengo Olaria saria Legazpiko Nagusilani ematea erabaki zuten atzoko udaleko osoko bilkuran, kide guztien aldeko bozkarekin. Maiatzaren 3an, Ezpata-dantzaren ekitaldian zehar entregatuko dio udalak oroigarria elkarteari.
Olaria jasotzeko herritarrek egindako zazpi proposamenetako bat zen Nagusilan elkartearena. Besteak Jon Dorronsoro, Jon Maiztegi, Parrokia garbitzeko boluntarioak, Jon Amilibia eta Lourdes Zubeldia senar-emazteak, osasun kolektiboa eta Ane Odriozola ziren.
Alkateak, udal korporazioko alderdi politiko bakoitzeko kide batek, azken saria jaso zuten Alaitasuna errondailako eta jaiotza taldeko kide banak eta Lakiolako Kimu Berri, Izadi Zaleak eta KATE elkarteetako ordezkari banak osatutako epai-mahaiak Nagusilan aukeratu zuten hautagai guztien artean, hilaren 15ean egindako bileran. Epai-mahaiaren proposamena udaleko Bozeramaileen Batzordean aztertu zuten gero, eta azkenik, atzoko osoko bilkuran eman zioten azken onarpena.