Ibaia babesteko sareak jarri dituzte Brinkola eta Telleriarte auzoetan
Eguzki erakunde ekologistak egindako eskariari erantzunez egin ditu lanak udalak, 2021ean hasitakoei jarraipena emanez. Hasi zirenetik, guztira 1.306 metro babestu dituzte.
Urola ibaia babesteko 276 metro sare jarri ditu Legazpiko Udalak Brinkola eta Telleriarte auzoetan, Pastain baserritik Guriditegi auzuneraino. Eguzki talde ekologistaren eskaerari erantzunez egindako lana da, eta Urola ibaira eta haren ibaiadarretara isurtzen diren hondakinak itsasora ez iristea da helburua.
Legazpiko Udala 2021ean hasi zen sare metalikoak jartzen ibaien ibilguetako barandetan, haizeak plastikoak eta hondakinak uretara eraman ez ditzan. Hasi zenetik, guztira, 1.306 metro babes-sare jarri dituzte.
2021ean 459 metro jarri zituzten Bikuña industrialdean, Aizkorri kalean Txorronea ondoko zubian, Laubide auzoko zubian, Urolako kaleko industrialdea eta Plazaola kaleko zubian.
Iaz, 517 metro jarri zituzten, Bikuñako biribilgunean, Domingo Agirre plazan, Urtatza auzoan, Urola kaleko industrialdeko aparkalekura doan zubian, Zubitxoko zubian, Saturnino Telleriako biribilgune ondoan, Olaberriko industrialdean eta Bikuña Txikiko zubian.
Aurten 276 metro jarri dituzte: Pastainen eta San Juanen, Telleriarte eta Brinkola arteko bidean eta Guriditegi auzoan eta zubian. Sareak jarri ondoren, Pastain baserritik Guriditegi auzoraino dauden barandak margotuko dituzte.