Igandean egingo dute Aste Santuko prozesioa Legazpin
Zortzi figura kaleratuko dituzte, tartean 1979tik ateratzen ez duten Ortuko otoitza. 70 pertsona inguruk parte hartuko dute.
Legazpiko Aste Santuko prozesioa Erramu Igandean egingo da aurten ere, etzi. Egiazko Gurutzearen Kofradiak antolatu du berriz ere.
Prozesioa 19:00etan aterako da, parrokiatik, eta eguraldiak laguntzen badu, Nafarroa kalean behera abiatu, eta Santikutz kalean buelta emanda, Kale Nagusitik gora itzuliko da elizara. Eguraldi txarra eginez gero, parrokiko arkupeetan egingo da.
Aurten Elgetako Lorenzo Askasibar omendu nahi izan dute antolatzaileek, prozesioan aterako den Nazareteko Jesusen 1954ko irudiaren egilea iaz hil baitzen. Irudi horri eskaini diote prozesioaren kartela.
Zortzi irudi
Prozesioan zortzi figura aterako dituzte, honako hurrenkera honetan: 1979tik atera gabe dagoen Ortuko otoitza; 1940ko Jesusen Zigorraldia; Nazareteko Jesus; San Migelgo Kristo Gurutziltzatua, XVIII. mendekoa eta prolikromatutako egurrezkoa; 1940ko Magdalena Andre Maria; urte bereko Pietatea; XIX. mendeko Hilobi Santua; eta mende bereko Doloretako Amabirjina.
Prozesioa bi erromatarrek irekiko dute zaldi gainean, eta atzetik joango dira gurutzea, nazarenoz jantzitako haurrak, zutargiak, eta irudien eramaileak. 70 pertsona inguru izango dira.
Aro berriko laugarrena
Ia 40 urteren ondoren, parrokiak 2018an berreskuratu zuen prozesioa egiteko ohitura, orduko parrokoa zen Iñigo Mitxelenaren ekimenez eta eliza inguruan osatutako taldearen lanari esker. Guztien artean, parrokiako sotoan gordetako irudiak berreskuratu eta jendaurrera atera zituzten.
Iganderako, zortzi irudi prestatu dituzte, guztiak balio handikoak. Aro berri honetan, prozesioa egingo duten laugarren aldia izango da.