Legazpiko EH Bilduk Herri Programako ildo nagusiak aurkeztuko ditu
Aurkezpena hurrengo asteartean izango da, apirilak 4, 18:30ean, Kultur Etxean. Herritarren proposamenak entzuteko eta jasotzeko prest daude.
Legazpiko EH Bilduk datozen hauteskundeetarako prestatu duen herri programaren ardatz nagusiak aurkeztuko dizkio bere komunitateari datorren asteartean, apirilak 4.
Aurkezpena Kultur Etxean izango da, 18:30ean. EH Bilduren ideiekin bat egiten duten legazpiar guztiei luzatu diete gonbita.
Hiru ardatz nagusi
Herri programa “lau urte hauetan jasotakotik” josi dutela diote EH Bilduko Legazpiko ordezkariek, baita ere “auzotar, kolektibo eta eragile ezberdinekin egindako bileretan ateratakoetatik”. Horrez gain, hausnarketa saio bat egiteko urtarrilean “jakintza arlo, adin eta bizi esperientzia ezberdinetako jendea” batu zutela gogoratu dute, eta saio hartan egindako hausnarketa eta proposamenak “landu eta ordenatu ondoren” hiru ardatz nagusiren bueltan eraikitzen den herri programa bat ehundu dute.
EH Bilduren helburu nagusia “herritar guztien ongizatea bilatuko duen programa bat” garatzea izan dela zehaztu dute, “denontzako bizitza duinak, komunitate kohesionatua eta herri bizigarri bat eraikitzeko” programa bat, hain zuzen. Hiru ardatz horiei erantzuten dizkieten proiektuak proposatu dituzte.
Programaren ardatz nagusiak definituta badituzte ere, “programa bizia da eta edozein herritar, kolektibo eta eragileen proposamenak entzun eta jasotzeko prest” agertu dira.
Legazpiko EH Bilduren alkategaia Edurne Gonzalez da.