Legazpiko hainbat elkartek, lagunek eta familiek omenaldia egingo diete apirilaren 5ean Andoni Zabaletari eta Igor Iñurritegiri
Urbeltz pilotalekuan izango da, 19:30ean, 'Saskia bete bihotz' izeneko ekitaldiaren babesean.
Apirilaren 5eko arratsaldea aukeratu dute duela gutxi auto istripuz hil ziren Andoni Zabaleta eta Igor Iñurritegi agurtzeko eta omentzeko. Txalaparta doinuz, hitzartzeez, bertsoz eta musikaz beteko den ekitaldia Urbeltz pilotalekuan izango da, 19:30ean.
Herriko hainbat elkartek, lagunek eta familiek egindako agurra eta omenaldia izango da.
Saskia bete bihotz
Saskia bete bihotz izenburua jarri diote ekitaldi horri, eta antolatzaileek honela azaldu dute izen horren arrazoia: “Andoni eta Iñurri ekintzaileak izan ziren, eta zuzenean edo zeharka elkarte eta lagun askorekin bultzatu zuten auzolana. Eta auzolanean tresna oso erabilia izan da saskia. Iñurri eta Andoni ere ikusi izan ditugu saskia eskuan, perretxikoak direla, barazkiak direla, eta are gehiagotan ikusi ditugu auzolanean. Izan ere, herriko lagun eta talde askorekin batera egin zuten auzolana. Orain, guri dagokigu saskiari heltzea. Hutsik dago oraindik, baina, datorren asteazkenean, auzolanean, saskia bete bihotz itzuliko diegu”.
Ekitaldian honako hauek parte hartuko dute: familiek eta lagunek, bien kuadrillek, txalarpatariek, LBO bertso eskolak, Legazpiko Gazte Asanbladak, San Ignazio auzoko jaien antolakuntzak, Zine Klubak, Lekanazpi elkarteak, San Migel Basherri taldeak, Kukue eta Karibe Zaharra tabernek, Subeltza kolektiboak, Hare Haizea elkarteak, Saniko paella kuadrillak eta Hotz Legazpi elkarteak.
Urbeltzeko ekitaldiaren ondoren, kanpoan, mokadua egiteko aukera izango da.