Santikutz jaietako bi danborradetarako entsegu egunak finkatu dira
Atzo hasi ziren maiatzaren 1eko haur eta gazteen danborradakoak. Maiatzaren 2ko herri danborradakoak apirilaren 11n hasiko dira. Bietako entsegu orokorrak apirilaren 27an izango dira.
Legazpiko Santikutz jaiak gerturatzen ari dira, eta hasi dira hainbat ekitalditarako prestaketak. Horien artean bi danborradak daude, eta finkatuta daude entsegu egunak.
Haurren danborrada maiatzaren 1eko arratsaldean kaleratuko da, eta entseguak hasita daude. Atzo egin zuten lehena, eta hurrengoak apirilaren 3an, 17an, 19an, 21ean eta 25ean izango dira, 18:30ean, Haztegi ikastolako pilotalekuan. Entsegu orokorra, Legazpi Musika Bandarekin egingo dute, apirilaren 27an, 20:00etatik 21:00etara, Domingo Agirre Ikastetxeko kantxa estalian.
Herri danborrada
Maiatzaren 2ko gauean aterako den herri danborradarako entseguak beranduago hasiko dira, apirilaren 11n, eta hurrengoak 14an, 18an, 21ean eta 25ean izango dira, Haztegiko pilotalekuan horiek ere, 20:00etan. Dagoeneko danborradako konpainietan sartuta ez daudenek egun horietan eman ahal izango dute izena, baina apirilaren 21ean izango da azken eguna.
Aurten pieza berri bat joko denez, ezinbestekoa izango da entseguetara azaltzea.
Herri danborradaren entsegu orokorra ere musika bandarekin egingo dute, apirilaren 27an, 21:00etan, Domingo Agirreko kantxan.