Euskadiko judo txapelketetako urrezko hiru domina, zilarrezko bat eta brontzezko hiru Legazpin geratu dira
Haur mailan Iñigo Arakamak eta Aratz Masedak irabazi dute txapelketa, eta kadeteetan Endika Perez de Arenazak. Hirurak Espainiako txapelketa jokatzera joango dira Madrilera hilaren amaieran.
Legazpin geratu dira larunbatean Urbeltz pilotalekuan jokatu ziren Euskadiko haur eta kadete mailetako judo txapelketako hainbat domina. Goizean haur mailako txapelketa jokatu zen, 135 partaiderekin, eta arratsaldean kadete mailakoa, 140 judokekin.
Antolaketa lanetan Judo Legazpi taldeak lagundu zien Eusko Jaurlaritzari eta Euskadiko Judo Federazioari. Udalak ere lagundu du txapelketetan.
Haur mailan, bi urrezko domina
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 135 partaide izan ziren lehian goizeko saioetan. Euskadiko eskolarteko judo jokoak edo haur mailako txapelketa zen. Legazpitik zazpi partaide izan ziren: Urko Osinalde eta Aratz Maseda (-50 kilo), Iñigo Arakama eta Aiur Berasategi (-60 kilo), Igor Fernandez eta Urko Betolaza (+66 kilo), eta Alfredo Suarez (-46 kilo).
Klubeko ordezkaria den Asier Berasategik esan duenez, “oso maila altua” izan zen txapelketan, eta legazpiarrek ere oso lan ona egin zuten, eta horren emaitza izan ziren bi urrezko domina (Aramaka eta Maseda), zilarrezko bat (Osinalde) eta brontzezko beste bi (Berasategi eta Fernandez). Suarez eta Betolaza bosgarren postuan geratu ziren.
Kadeteetan beste bat
Kadeteen mailako txapelketa arratsaldean jokatu zen, erkidego osoko 140 partaiderekin. Legazpi Judok lau ordezkari zituen: Endika Perez de Arenaza (-81 kilo), Ruben Calvo (-73 kilo), eta Ibai Gil eta Unai Pereira (-66 kilo). Txapelketa honetan “haur mailakoena baino maila askoz ere gogorragoa” dela nabarmendu du Berasategik, baina legazpiarrak ere bikain aritu ziren, urrezko domina bat eta brontzezko beste bat lortuta.
Perez de Arenazak lortu zuen urrea, “egundoko borroka latza egin eta gero”. Lehiaketa oso gogorrak izan zituela azaldu du Berasategik, eta “oso gaizki pasatu du”. Brontzea Calvorentzat izan zen. Honek ere bazituen txapelketa irabazteko aukerak, baina bigarren konbatean akats bat egin zuen eta ezin izan zuen lortu, “den-dena eman arren”.
Urrezkoak, Espainiako txapelketara
Euskadiko txapelketa irabazi dutenek orain Espainiakoa jokatuko dute. Legazpitik, haur mailako Iñigo Arakama eta Aratz Maseda eta Endika Perez de Arenaza kadetea joango dira. Espainiako txapelketa Madrilen jokatuko da, apirilaren 29an.