Legazpiko Udalak Xabi Zurutuza moto pilotuaren kirol jarduna babestuko du
Babesletza hitzarmena sinatu dute bi aldeek. Moto pilotuak Legazpi izena eta herriko armarria eramango ditu lasterketetan janzten duen buzoan. Udalak 6.050 euro emango dizkio laguntza gisa.
Xabi Zurutuza Torresek Legazpi herriaren izena eta armarria mundu osoan zehar erakutsiko ditu aurrerantzean, lasterketetan jantzita eramaten duen buzoan inprimatuta. Legazpiko Udalak eta moto pilotu gazteak babesletza hitzarmen bat sinatu zuten atzo, eta udalak 6.050 eurorekin lagunduko du eliteko kirolari honen jarduna.
Udaletxeko areto nagusian sinatu zuten hitzarmena Xabi Zurutuzak berak eta Koldobike Olabide alkateak. Udalaren aldetik Maite Lonbide eta Erik Galvez zinegotziak ere izan ziren ekitaldian. Zurutuzaren senitartekoak ere bertan izan ziren.
Aurten ere mundu mailan
Olabide alkateak adierazi zuenez, kontratu honen ondoren, Zurutuzak «bihotzean bakarrik ez, arropan ere eramango du aurrerantzean Legazpi, eta hori berri ederra da». Gaztea izan arren –16 urte ditu– moto lasterketen munduan ibilbide luzea eta emankorra izan duela ere aipatu zuen alkateak, eta aurrerantzean ere, mundu mailan dabilen honetan, «zorterik eta arrakastarik handiena» opa zion.
Zurutuzak pozik hartu du udalaren babesletza, «kirol hau oso garestia da, eta laguntza guztiak gustura hartzen dira, eta gainera Legazpi izena eramatea ohore bat da», esan zuen hitzaremena sinatutakoan.
Aurten ere Italiako MTA taldearekin lehiatuko da, eta maiatzaren 7an hasiko du FIM Junior GP Munduko txapelketa, Moto3 kategorian, Estorilen (Portugal). Italiako txapelketa ere egingo du.
Denboraldiaren prestaketa aspaldian hasi zuen, eta asteburuan Jerezeko zirkuituan (Espainia) izan da proba batean. Bigarren eta hirugarren postuak lortu ditu egindako bi lasterketetan. «Lasterketak dira entrenamendu onenak», esan zuen.
Bigarren urtea du mundu mailako txapelketan, eta iazkoan ikasitakoarekin eta laster estreinatuko duen motor berriarekin, aurtengo aurreikuspenak «oso onak» direla aurreratu zuen.
Helburua, Moto GPra iristea
Txikitatik ibili da moto gainean Zurutuza, eta bere ametsa Moto GP edo kategoria gorenera iristea da, Marc Marquez bere idoloa bezala. Orain Moto3n dabil, hurrengo urratsa Moto2 izango litzateke, eta gero Moto GP. «Gogoa, ahalegina eta lan asko» dago guztiaren atzetik, eta aurten «apostu handia» egin du, gainera, ikasketak alde batera utzita eta lehian zentratuta.
Familiaren laguntza ezinbestekoa izan du beti Zurutuzak, «ama, aita eta bi anaiak, eta izeba-osabak beti ondoan» ditu. Eta irabazteko gogoa ere bai, horrela ateratzen da beti motorrarekin.