Aste Santurako plan ugari aukeran Goierri osoan
Kanpoko eta bertako bisitariak hartzeko prest daude eskualdeko turismo baliabide guztiak. Aurreikuspenak oso onak dira. Aisialdi eta kultur jarduera ugarirekin osatuko da eskaintza
Goierriko herriak ere Gipuzkoako barnealdeko turismo eskaintzara batu dira gaur bertan hasten den Aste Santurako, eta plan ugari eskaini dituzte datozen egunetarako.
Aurreikuspenak oso onak dira, eta eguraldia lagun, bisitari asko espero dituzte. Hala ere, turismo baliabideak bertakoentzat ere badirela gogoratu dute alorreko eskualdeko arduradunek, eta egun hauek hain gertu dauden lekuak ezagutzeko eta proposatzen diren jardueretaz gozatzeko aproposak direla azpimarratu dute.
Ezkion, Igartubeiti
Ezkio-Itsasoko eskaintza turistikoa Igartubeiti baserriaren inguruan osatu dute, eta museoko ohiko ordutegiaz gain, bisita gidatuak eskainiko dituzte gaurtik hilaren 16ra arte, egunero.
Bi tailer egiteko aukera ere izango da: Egin ezazu zure sagar zukua, gaur eta etzi, 16:30ean; eta museoa zabalik dagoen egun eta orduetan, Ehundu familia.
Legazpin, Lenburren bidez
Legazpin Lenbur Fundazioak egituratu du eskaintza. Hala, Brinkolako Ogiaren Txokoa bihar eta igandean 11:00etan eta larunbatean 16:30ean bisitatu daiteke, Euskal Burdinaren Museoa egunero egongo da zabalik goizez, eta Mirandaola parkean pista jokoa egiteko aukera eskainiko du. Ihes gela esperientzia ere egongo da aukeran hurrengo asteko igandean, hilak 16. Bestalde, Mirandaola burdinola martxan ikusi ahal izango da bihar eta igandean goizez, hainbat txandatan, eta Txillida Lantokia eta Fabrika bihar eta igandean egongo dira irekita, goizez.
Gainera, zaldiz paseoak egiteko aukera eskainiko du Ormazarreta zalditegiak.
Urretxuko eskaintza
Urretxun, QR kodeen bidezko Iparragirre ibilbidea dago aukeran, eta Urrelur mineral eta fosilen museoa bisitatu daiteke hilaren 11tik 14ra goizez eta arratsaldez, eta hilaren 15ean goizez.
Gainera, Pazko Asteko egun horietan 8 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta, hainbat jarduera izango dira Santa Barbaran, goizez eta arratsaldez: Altxorraren bila Irimoren magalean, eta Ginkana eta brujula.
Zumarragan, Antio inguruan
Zumarragan egunero egongo da irekita Antioko baseliza, goiz eta arratsaldez, baita Antioko Interpretazio Zentroa ere.
Bestalde, Pazko Astelehenean, hilaren 10ean, haur jolasak eta txokolate jana izango dira 16:30ean, eta 18:15ean hasiko diren herri kiroletan, Jabier eta Julen Aranberri eta Xabier eta Jon Zaldua aita-seme bikoak neurtuko dira aizkoran. Harriak iasotzen Olaia Esnaola eta Gari Garmendia arituko dira. Trikiti doinuak ere ez dira faltako.
Zaldibian, Saturdiko festa
Pazko Astelehenean ere Saturdiko Festa ospatuko da Zaldibian, 11:00etako mezarekin hasita. Iztueta dantza taldearen saioa eta haurrentzako jokoak izango dira gero, eta eguerdian Nerea Elustondo eta Loidisaletxe bertsolarien eta Izer eta Alabier trikitilarien saioak, toka txapelketaren aurretik.
Arratsaldean, herri kirol saioa izango da 17:30ean hasita: Nerea Arruti-Altzo Jauregi eta Uxue Ansorregi-Julen Gabirondo aizkoran, eta Urdax Magunazelaia harriak jasotzen.
Igartza eta ‘Yerma’ Beasainen
Beasainen prest daude Aste Santurako, eta bisita gidatuak eskainiko dituzte opor egun hauetan Igartza monumentu multzoan zehar. Gainera, Yerma antzezlana ikusteko aukera izango da, hilaren 14an, Usurbe Antzokian, 20:30ean, Antzerki Garaia zikloaren barruan.
Ordizian, Artzain Eguna
Goierriko Aste Santuko eskaintza osatzeko, hilaren 13an Artzain Eguneko feria berezia egingo da Ordizian.