Zaintzaileen soldatak, amatasuna eta klimaterioa hizpide
Urola Garaiko Berdintasun arloak datozen egunetarako antolatu dituen saioetan landuko dituzte gai horiek. Legazpiko eta Urretxuko Emakumeen Etxeetan gauzatuko dira.
Urola Garaiko Berdintasun Arloak hiru hitzaldi antolatu ditu datozen egunetarako, eta Legazpiko eta Urretxuko Emakumeen etxeetan emango dituzte. Zaintzaileen soldatak, amatasuna eta klimaterioa izango dira jorratuko dituzten gaiak.
Lehen saioa ostegunean izango da, Legazpiko Saturnino Telleria 1ean dagoen Emakumeen Etxean, 15:00etatik 18:00etara, eta Enara Kooperatibako kideek zuzenduko dute 2023ko soldatak etxeko eta zaintzako langileentzat izenburupean. Emakume zaintzaile profesionalen lan eskubideen inguruan hitz egiteko aukera izango da, eta soldata kalkulatzen ikasteko gakoak emango dituzte. Gazteleraz izango da, eta ez da izena eman behar.
Ostegunean ere, Amatasun bizigarriak izenburuko saioa izango da Urretxun, Pagoeta auzoko Emakumeen Etxean, 17:30etik 19:00etara. Ainara Gorostizuk dinamizatuko du, euskaraz. Amatasuna eta feminismoa landuko dute bertan, amatasun praktikak bizigarriagoak egiteko premiaz hitz eginez. Saio honetarako ere ez da izena eman behar.
Amaitzeko, hilaren 29an, larunbata, Beste urtaroa, klimaterioa jardunaldia egingo dute, Urretxun, 10:00etatik 14:00etara. Sexune elkarteko Elena Jimenezek gidatuko du. Beharrezkoa da izena ematea: 943 25 23 89 edo berdintasuna@uggasa.eus.