Aitor Urkiola izango da EH Bilduren Olaberriko alkategaia maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan
Lau urte zinegotzi lanean egin ditu olaberritarrak. "Pertsonak eta bizi baldintzak" jarri nahi ditu udalgintzaren erdigunean. "Atseginez eta ilusio handiz" hartu du zerrendaburu joateko ardura.
Olaberriko EH Bilduk Aitor Urkiola Ugartemendia aurkeztuko du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan hautagaitzaren buru. Bigarren aldiz joango da alkategai postuan, 2019an bezalaxe. Lau urteotan, udal zinegotzi izan da, koalizioak lortu zituen bi eserlekuetatik bat hartuta.
Asteburuan jakinarazi dute hautagaitza. Orain arteko esperientzia “aberasgarria eta emankorra” izan da, eta udalgintzan herritarrekin batera jardutearen garrantzia nabarmendu du EH Bilduk. “Adostasunak bilatu ditugu, eta sentitu dut proiektu desberdinetan eman ditugun pausoak sendoak izan direla”, azaldu du Urkiolak. Udalean “egitasmo berriak eta aitzindariak” martxan jarri dituztela gehitu du.
Olaberriko udalgintzaren dinamika “diru laguntzak lortuz kudeaketa egoki bat” egitea dela lehenetsi du EH Bilduk. Herritarren parte-hartzea lortzeko eginahala handitu beharra ere ikusi du: “Uste dugu gai honetan zer hobetua badugula”.
Udalaren ekonomia eta baliabideak “herritarren mesedetan eta jendea zaintzeko” helburuz inbertituta, EH Bilduk herritarrei eskaintzeko “proiektu sendoa” duela gaineratu du Urkiolak. “Ildo horretan gogotsu jarraitu nahi dugu datorren legegintzaldian ere, pertsonak eta haien bizi baldintza duinak erdigunean jarriz, guztion artean olaberritarren ongizatea hobetzeko segitzeko eta herria zentzu guztietan aberasteko”.