Amezti mendi elkarteko kideak Aralarren eta Elgean
Zegamako Amezti mendi elkarteko kideak Gipuzkoako Birako etapa berri bat eta Urmuga edo Euskal Herriko uraren banalerroa proiektuko beste ibilaldi bat burutu dituzte Pazko Astean, astelehenean eta igandean, hurrenez hurren.
Pazko astelehenean, aurrez elurra zela tarteko, atzeraturik zuten irteera burutu zuten, Gipuzkoako Bira proiektuaren hurrengo etapa. Lizarrusti gainetik irten eta Aralar natur gunean igaro zuten, Putteri magaletik, Igaratza, Amezketako minak, Urreako haitza, Larraondo eta Bedaio auzoko Zarate gainean amaituz txangoa.
Igandean aldiz, Urmuga edo Euskal Herriko uraren banalerroa proiektuarekin jarraitu zuten. Kasu honetan, Aldaolatik abiatu eta Elgea mendilerroko haizezko errota guztiak igaro ondoren, Arlabanen amaitu zuten, tartean hainbat tontor pasa ondoren.
Udazkenean, proiektu hauen hurrengo etapa bana egiteko asmoa dute, 2025 urtean amaitzeko ideiarekin.