Artzainen bideetan zehar Txusma Perez Azazeta eta Sara Carte Moriones mendizaleek gidatuta
Gida bat osatu dute 25 ibilbide proposatuz. Sua Edizioak argitaletxearekin kaleratu dute liburua. Hainbat legazpiarren laguntza izan dute abelbideak ezagutzeko.
Lasarten bizi den Txusma Perez Azazeta legazpiarrak Sara Carte Moriones bikotekidearekin batera osatu du bere azken lana. Mendi ibilbideekin jarraituz, artzainek garai batean erabiltzen zituzten eta gaur egun oraindik erabiltzen dituzten bideak hartu dituzte ardatz, eta Cañadas y senderos de pastores (Abelbideak eta artzainen bideak) izenburuko liburua osatu dute. Sua Edizioak argitaletxearekin batera kaleratu dute, eta salgai dago dagoeneko, 20 euroan.
Liburuan bildu dituzten 25 ibilbideak osatzeko hiru legazpiarren laguntza izan dute bi mendizaleek: Arantzazuko Gomiztegi Artzain Eskolako Batis Otaegirena, eta Brinkolako Joakin Balerdi artzainarena eta Jesus M. Sanchez-Dehesarena.
Gida honetan, artzainek eta artaldeek larre garaietara igotzeko erabiltzen zituzten 25 ibilbide kontatzen dituzte xehetasun handiz, eta euskal mendiko mendilerro nagusietan antzinako bideak ezagutzeko aukera ematen dute.
Ibilbide horiek antzinako abelbideetara mugatzen dira, larre bila ardiekin mendilerroetara igotzen zituzten bideetara. Ganekogorta eta Aiaraldetik Andia mendilerroko soroetaraino, Gorbeia, Urkiola, Entzia, Urbasa, Aizkorri eta Aralar bezalako artzaintza eremuek dituzten altxorrak erakusten dituzte.
Bideak eta paisaiak
Baina gida zerbait gehiago da, eta artzainen bizimoduan murgiltzeko parada ere eskaintzen du. Horrela, bi egileek azaldu dutenez, «artzain bati, bere txakurrari eta bere ardiei lagunduko diegu Aizkorri mendigunean zehar, beste artalde batekin Malloak zeharkatu eta Aralarko saroi batean bazkalduko dugu, edo mendiko gazta bat egiteko sekretuak ezagutuko ditugu». Arantzatzuko artzain eskolan «artzain izaten nola ikasten den» ere erakutsiko dute, baita Nafarroako abelbidearen egungo egoera zein den ere. Artzaintzaren Bidea ibilbidea eta Gaztaren Ibilbidea ezagutzera emango dituzte, gainera.
Liburuaren bidez, artzain bide zaharretan barrena 30-bat gailurretara igotzeko gonbita luzatzen dute Perez Azazetak eta Carte Morionesek. Bide horiek inguratzen dituzten paisaiak bordaz, saletxez eta larrez «zipriztinduta» daudela diote mendizaleek, «eta hain zuzen, artzainek beraiek eta beren artaldeek modelatu eta kontserbatu dituzte paisaia horiek».
Lanbidearen xehetasunak
Gainera, artzaintzaren zenbait alderdi ezagutzeko aukera ere izango da, hala nola, bertako tresnak, praktikak eta teknikak, baita herrialdeko mendigune nagusietan zehar banatutako monumentu megalitikoak ere.
«Eta, jakina, gazta gozoen dastaketarekin amaituko ditugu mendi egunak».
Cañadas y senderos de pastores gida ohiko liburudendetan eros daiteke, baita internetez ere.