Itsasoko denda egokitzeko lanak hastear daude Sindikatoan
Itsasoko Alegi auzoko Sindikatoan egokituko dute denda berria. Itsasoarrek dendaren beharra azpimarratu dute. Azken izapideen faltan, laster hasiko dituzte lanak.
Itsasoko Alegi auzoan oinarrizko eta bertako produktuak saltzeko denda egokitzeko lanak hastear daude. Alegiko Sindikatoan egokituko dute denda berria, gaur egun, zabor edukiontziak gordetzeko erabiltzen den etxolan. Lanak Burgoseko Garsan enpresak egingo ditu eta 60.000 euroko aurrekontua dute. Obra burutzeko Europako Next Generation funtsaren diru laguntza jaso dute.
Itsasoko ordezkaritzako kide Gorka Sasietak adierazi duenez, 2019an abian jarritako Itsaso 2020-30 plan estrategikoaren baitan aztertu zen lehendabiziko aldiz herrian denda bat zabaltzeko ideia. «Herritarren artean gehien baloratutako aukeretako bat izan zen», azpimarratu du.
Ordutik, hainbat pauso eman dituzte denda errealitate bihurtzeko bidean, «egin beharreko izapide gehienak eginda, lanak hastear» daudela esan du Sasietak. Denda egokitzeko lanekin batera, dendaren inguruko diagnosi bat ere ari dira lantzen herritarrekin batera: «dendak zer izaera izango duen, zer produktu salduko diren, nolako funtzionamendua izango duen, etab. aztertzen ari gara», argitu du. Herritarren artean berriki egindako galdetegiaren emaitzak jaso berri dituzte. Itsasoarren %66k hartu du parte galdetegian eta horietatik %68k «dendaren behar handia» dagoela adierazi du. Gainera, hamahiru herritarrek proiektuan zuzenean inplikatzeko borondatea ere adierazi dute.
Oinarrizkoak eta bertakoak
Dendan higiene pertsonalerako eta egunerokoan oinarrizkoak diren produktuak saltzea lehenetsiko dute, «bertako produktua izatearen garrantzia azpimarratuz». Itsasoko ekoizleei gain, inguruko ekoizleei ere zabalduko zaie dendan euren produktuak saltzeko aukera. Horrez gain, dendari bestelako erabilera batzuk ematea ere aztertzen ari dira. Lanak hiru hilabeteko epean amaituko dira, baina momentuz, ez dute denda irekitzeko datarik zehaztu. «Ez daukagu presarik, baina 2023an zehar irekita egongo da», esan du Sasietak.