Prezio justua asmatzen duenarentzat 600 euroko saria du Bareak elkarteak
Bareak elkarteko 36 saltokitan dauden puntu gorridun produktuak bilatu, batu eta prezioa proposatu beharko dute bezeroek. Maiatzaren 10era arte egin daitezke proposamenak.
Sari potoloa dakar Beasaingo Bareak merkataritza elkartearen kanpaina berrienak. Goiz batean, bertako establezimenduetan gastatzeko 600 euroko erosketa balea irabazi ahalko du, herriko merkataritza establezimenduetan puntuak bilatu, jarraitu, batu, eta prezio justua asmatzen duenak. Kanpainaren helburua erakusleiho orokorraren prezio zehatza asmatzean datza. Erakusleiho orokor hori, saltoki ezberdinez osatuta dago. Saltoki bakoitzak bere erakusleihoan produktu bat edukiko du puntu gorri batekin adierazita, kanpainak irauten duen bitartean, hau da, maiatzaren 10era arte.
Prezio justua kanpainara batu diren establezimenduetan arretaz bilatu beharko da, eta guztien artean osatzen duten erakusleiho orokor horren prezio zehatzera gehien hurbiltzen dena (pasatu gabe) izango da lehiaketaren irabazlea; 600 euroko saria eskuratuko du, hain zuzen ere.
Puntu gorriaren bila
Kanpaina honetan saria irabazteko, puntu gorriak bilatu beharko dira saltokien erakusleihoetan. Markatutako produktuen prezioa kalkulatu eta guztiak batu egin beharko dira. Zenbateko osoa kalkulatuta, erakusleihoan bertan aurki daiteken QR kodea eskaneatu edo dendetan dauden paperak bete beharko dira. Prezio justura gehien gerturatzen dena izango da irabazlea.
Irabazlearen izena, maiatzaren 11a eta 12 artean argitaratuko dute Bareak elkartean webgunean eta sare sozialetan.
36 establezimendu
Tokiko 36 establezimenduk parte hartuko dute kanpaina honetan. Ondorengoa da zerrenda: Amets, Andreak jantziak, Anitz, Argi optika,Arku, Arnedoko Txokoa, Bambora, Batera, Bereziartu, Biok, Cortes, Ekilore, Farmabi, Foto Alzuri, Gonzalez enmarkazio tailerra, Itoiz, JM Imaz optika, Imaz bitxidenda, Kux-kux, Labores Otea, Lirain, Mari Jose mertzeria, Mirari mertzeria, Mujika txirrinduak, Nagusi optika, Olano, Jauregi optika, Ouka, Pergola, Phuket, Seguros Bilbao, Tres sesenta ileapaindegia, Truk, Txomin Zubeldia, Vicuña sport eta Xalo.