Txorientzako etxetxoak egingo dituzte Mutiloan LurLaben baitan
LurLab Mobile egitasmoaren hirugarren hitzordua izango dute ostegunean hasi eta larunbatera bitartean Mutiloako Errotatxon. Edozein herritarrek nahi duen ia edozer egiteko tresnak eta laguntza eskaintzen dituen proiektu ibiltaria da LurLab Mobile.
Otsaileko eta martxoko saioen ostean, egutegiko ekuatorera iritsi da LurLab Mutiloan. Hil honetako saioan laserraz grabatzeko eta ebakitzeko makinaren erabilerari buruz ikasteko aukera izango da bihar eta ostiralean —10:00-14:00 eta 15:00-19:00—. Larunbateko saioan, —10:00-14:00— aurreko egunetan moztutako kontratxapatuzko piezekin txorientzako etxeak egingo dituzte. Jarduera 6 eta 12 urte arteko haurrentzako da; doakoa da baina izena eman behar da info@lurlab.org helbidean.