Barraskiloa eta ziza, pare dotorea
Eguraldiak eta bisitari gaztetxo ugarik lagunduta, giro ederrean egin da gaurko feria. San Prudentzio ospatzeko barraskiloak eta baba txikiak izan dira berritasun nagusiak.
Gasteizko San Prudentzio jaia Ordiziako azokaraino iristen da azken urteetan, eta aurten ere bertan izan da, barraskilo forman. Barraskiloak jatea ohitura da egun horretan Arabako hiriburuan, eta Goierri aldean ere produktu hori estimatzen dutenak eta prestatzen dakitenak badaudenez, data hurbiltzearekin batera ekarri ohi izan ditu Barcinak. Gaur jarri ditu salgai, bizirik, kiloa 12 euroan.
Datozen asteetan ere ekarriko ditu barraskilo gehiago, Beasaingo jaietan ere jan ohi direlako Loinazko San Martin baselizan egiten den erromeriaren ondorengo hamaiketakoan. Aurten maiatzaren 22an izango da erromeria.
Goierri bertako zizak
Barcinak, bestalde, perretxikoak ere ekarri izan ditu Ordiziara. Negu partean feriara etorri gabe izan bada ere, aurreko astean hasi zuen denboraldi berria, eta zizak eta onddoak jarri zituen salgai. Gaur zizak zituen bakarrik, barraskiloekin batera pare dotorea osatuz.
Mikel Lasak eskainitakoekin batera, 70 kilo ziza jarri dituzte salgai gaurko ferian bien artean, kiloa 35 eta 60 euro artean. Lasak 20 kilo onddo ere bazituen, Zamorakoak, kiloa 25 eta 28 euro artean.
Zizei dagokienez, Goierrikoak ere saltzen direla esan behar da, baina horien bila plaza barrura joan behar da. Gaurko ferian, Aramako Patxi Arizmendik eta Lourdes Barojak bost kilo eskaini dituzte, eta saldu ere bai, azkar asko. Altzagako Arantxa Lopetegik beste kilo bat ere eraman du. Goierriko ziza hauen prezioa 60 eta 70 euro artekoa izan da.
Baba txikia
Bestelakoan, feria nahiko animatua egon da. Goizean goiz iritsita eta Segurarako bidean egindako geldiunea baliatuz, Donostiako Peñaflorida institutuko bi autobuskada ikasle ibili dira herriko erdigunean, eta gero, Irungo Dunboa ikastetxeko ikasleak ere hurbildu dira plazako postuetara, D’Elikatuz zentroko gidarien eskutik.
Eguraldiak ere lagundu du, eta horren ondorioz, geroz eta erosle gehiago ikusten dira baratze eta sororako landare postuetan, eta lore saltzaileen postuetan. Udako uzta prestatzeko garaia da, eta jendea hasi da lanean.
Bitartean, produktu berriek iristen jarraitzen dute. Aire libreko geroz eta ilar eta baba gehiago ikusten dira, eta gaurtik, baita baba txikia ere Zeraingo Iñaki Intxaustirenean. Arrunta baino preziatuagoa da baba txiki hau, eta kiloa bost euroan saldu du. Baba handia 4,5 eta 5 euro artean zegoen.