Haztegi ikastola eta Igartubeiti elkarlanean, baserria gaia lantzeko
Ezkioko baserri-museoak klasean erabiltzeko erremintak eta tresnak utziko dizkie Legazpiko ikasleei.
Haztegi ikastolako Batxilergoko bigarren mailako ikasleek modu berezian landu dute aste honetan landa sistemaren eta baserriaren gaia, Geografiako klaseetan. Izaskun Egilegor Gizarte Zientzietako irakasleak Ondare Hezkuntza eta Objektuaren Didaktika metodoak erabili ditu ikasleak mundu horretan murgiltzeko, Ezkioko Igartubeiti baserriaren laguntzarekin.
Izan ere, baserriarekin zerikusia duten hainbat elementu utzi dizkio ikastolari Igartubeitik, ikasleek zuzen-zuzenean ezagutu ditzaten eta haien bidez «baserriaren parte» bihurtu daitezen. Laiak, igitaiak, ferrak, zintzarriak, taloak erretzeko txapak pisoiak eta uztarriak dira elementu horietako batzuk.
Batxilergokoez gain, ikastolako gainerako ikasleek ere izan dute Igartubeitik utzitako tresnak eta erremintak ezagutzeko aukera, haiei zuzenduta erakusketa bat ere jarri dutelako geletatik kanpo.