Legazpiko Berdeak taldeak ez du ur txorroten parkerik nahi herrian
Ur erreserben egoera txarraren aurrean, arduragabekeriatzat jo dute proiektua, eta alternatiba jasangarriagoen alde egin dute.
Legazpiko Berdeak taldeak herrian ur txorroten parkerik ez egiteko eskatu die EAJri eta PSE-EEri. Gaur egun bizi den krisi energetikoaren, klimatikoaren eta hidrikoaren aurrean “arduragabekeria” izango litzatekeela argudiatu dute, nahiz eta Barrendiolako urtegia egoera normalean dagoen une honetan.
Ur erreserben egoera kezkagarria dela diote berdeek, hainbat tokitan hornikuntza arazoak daudelako, eta horrek maila sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan eragiten duelako. Horrelako egoeraren aurrean, “tamalgarria” da Legazpiko EAJ eta PSE herrian ur txorroten parke bat egitean pentsatze hutsa. “Kudeatzaile txarren arduragabekeriatzat” jo dute egitasmoa, eta “elektoralismoari” erantzuten diola diote, “oinarrizko baliabide ekonomiko publikoen xahuketaren eredu bat da” .
Haurrentzako jolas parke bat egiteko “alternatiba jasangarri asko” daude Legazpiko Berdeen arabera, eta horregatik eskatu diete EAJri eta PSE-EEri egitasmo hori baztertzeko, “zentzugabekoa eta alferrikakoa” delako, “unean uneko lehentasunez ez direla jabetzen dirudi”.
Horrelako parkeak egiteko “ideia irrazionala” Legazpitik harago zabaldu dela ere adierazi dute, eta PSE-EEk gobernatutako Zumarragakoa eta EIbarkoa, EH Bilduren Bergarakoa eta EAJren Soraluzekoa aipatu dituzte. “Herri horietako gobernuei ere atzera botatzeko eskatzen diegu, eta proiektu horien ordez jasangarriagoak diren beste batzuk gauzatzeko, herritarren parte hartzearen bidez”.