Gerrako Haur bi Legazpin
Garbiñe Iturbe Arzak legazpiarra Gerrako Haur bat izan zen, eta duela hilabete omenaldia egin zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Frantzian pasa zuen haurtzaroa eta gaztaroa, Arantza ahizparekin batera.
Gipuzkoako Gerrako Haurrek omenaldia jaso zuten Foru Aldundiaren eskutik pasa den martxoaren 18an. Gerra Zibiletik ihesi erbestera eraman zituzten Gipuzkoako 10.400-bat haur dokumentatu ditu Intxorta 1937 kultur elkarteak, eta haietatik 100 inguru bizirik daude oraindik. Omenaldira joan zirenen artean, Garbiñe Iturbe 85 urteko legazpiarra zegoen.
Kantabrian halabeharrez jaioa, haurtzaroaren eta gaztaroaren zati batzuk Frantzian igaro zituen, ahizparekin batera, baina gurasoen jaioterrira itzulita, urte luzez bizi izan da Legazpin. Gaur Donostian dago, Karmele alabarekin, eta haren laguntzarekin gogoratu ditu omenaldiko une hunkigarriak eta gerraren ondorioz berak eta bere familiak bizi izandakoak.
Kantabrian jaioa
Maria Purificacion Iturbe Arzak, Garbiñe, Kantabrian jaio zen, Santillana del Mar herrian, 1937ko ekainaren 12an, eta bertan bataiatu zuten, «baina ez ninduten erregistratu ekainaren 26ra arte, eta berriz bataiatu ninduten ipar Euskal Herrian aurrerago».
Aitonarekin hasi du Garbiñek familiaren historiaren kontakizuna, «Benito Iturbe Sagastizabal zen, Arrolamendikoa eta igeltseroa lanbidez, oso ona». Gaur Karibe tabernak dauden etxea erosi zion Patrizio Etxeberriari Kale Zaharrean –gaur, Nafarroa kalea–, «etxe osoa gurea zen». Masukolako Petra Apaolazarekin ezkondu zen, «amona jostuna zen, herriko bakarra», eta lau seme-alaba izan zituzten: Leoncio, Juanito, Urbano eta Celestina.
Juanito, Garbiñeren aita, oso bizkorra zen, eta Alemanian ikasteko aukera izan zuen, Ubaldo Segura orrazi lantegiko jabeak ordainduta. «Colonian egon zen, bi urtez, eta itzuli eta denbora batera, lantegiko bazkide bihurtu zen». Ordurako, herriko bizitzan eta politikan oso sartuta zegoen, eta EAJko idazkari ere izan zen, «gordeta ditugu oraindik paperak».
Itsasondoko Carmen Arzak Larrañagarekin ezkondu zen Juanito. Ataundarra zen jaiotzez, baina neskame izateko alde egin zuen etxetik umetan, eta horrela iritsi zen Legazpira. «Familia pare batean lan egin zuen hasieran, eta gero Moro arropa dendan hasi zen lanean». Handik ezkondu zen, eta gizonaren familiaren Kale Zaharreko etxean jarri ziren bizitzen. Bi alaba izan zituzten: Arantza eta Garbiñe.
Frantziara, lehen aldiz
Legazpitik alde egin zuen familiak gerra hasieran, eta Bilbora joan ziren aita-amak eta bi urte betetzear zegoen alaba zaharrena; Garbiñe, bidean zen. «Gure aita Eusko Jaurlaritzarako ari zen lanean orduan, eta Bilbon geratu zen hiria erori zen arte». Haurdun zegoen Karmen emaztea eta Arantza alaba zaharrena Santillana del Marrera joan ziren, Legazpiko Iriondotarren bitartez, bonbardaketetatik ihesi. Bertan jaio zen Garbiñe, «Altamirako bisontearen ondoan», Karmele alabak umoretsu dioen bezala.
Hilabete zuenean, hirurak itsasontziratu eta Frantziara joan ziren. Itsasontzia Santoñan hartu zutela uste dute, eta helmuga kontzentrazio eremu bat izan zen, ipar Euskal Herrian. «Han oso baldintza gogorretan egon ginen, baina denbora gutxi egin genuen, Parisen bizi zen izeba moja batek gu erreklamatu gintuelako, eta Gurutze Gorriaren laguntzarekin handik irten genuelako».
Parisen egon ziren gero, moja haren komentuan, eta han zeudela, aitarekin elkartu ziren. Geroago Eusko Jaurlaritzak Baionan ireki zuen ordezkaritza, eta hara joan ziren denak batera. Baina alemanak iritsi ziren, eta Eusko Jaurlaritzan lan egiten zutenak Gurs kontzentrazio eremura eraman zituzten. «Gure aita bi hilabetez egon zen, eta handik atera zenean, Ingalaterrara bidali zuten, alemanez hitz egiten zekielako. Ez dugu argi zer lan egin zuen han… zazpi urte egon zen».
Paristik Legazpira
Bitartean, ama eta bi alabak Legazpira itzuli ziren, «eta Moro, amak lan egindako arropa dendako nagusia egin zen gure arduradun». Herrian ez zuten oso harrera ona izan, besteak beste, aita bazkide zen lantegian bertan. «Geratu ziren bazkideak, Azpiazu haien tartean, aitarekin zorretan zeuden, orrazi enpresari ezarri zioten isun baten kargu egin zelako Legazpitik alde egin baino lehen, baina ama lan eske joan zenean, harentzat zakuak josteko postua besterik ez zegoela esan zioten».
Etxea ere galduta zuten ordurako, beste legazpiar batzuk bezala. Udalak, Enparantza idazkaria tarteko, desjabetu egin zien, «herriaren hobe beharrez esan zuten, baina guk argi dugu hura ez zela herriarentzat izan. Bidegabekeria galanta izan zen».
Frantziara bueltan
Juanito aita Parisera bidali zuten garai hartan, euskal gobernuaren egoitza berrira lanera, baina aurretik, Gabonetan, ikusteko aukera izan zuten, Irungo mugako zubian elkartuta. Ordurako gaixorik zegoen, eta maiatza-ekainean «amari abisua eman zioten gaizki zegoela esanez, eta joateko eskatuz. Ama menditik igaro zen beste aldera, eta ni Irungo mugatik pasa nintzen Hendaiara egun batzuetara, baina kostata, Meliton Manzanasek ez zuelako uzten. Ama nire zain izaten zen beste aldean, lehendakariaren txoferrarekin batera». Halako batean, Ajesta irundarraren laguntzarekin, lortu zuen eta elkartu ziren guztiak, Arantza ahizpa izan ezik. Arantza amonarekin eta izebarekin bizi zen Donostian, ikasketengatik, eta egun hartan azterketa bat egin behar zuen. «Aita berehala hil zen, 1947ko ekainaren 2an, Parisen».
Aitak heriotza tristea izan zuela gogoratu du Garbiñek, «hiltzeko lekurik ere ez zuelako! Azkenean, Parisko moja haien bidez ezagutu zuten Villabonako emakume batek hartu zuen bere etxean, eta bertan hil zen. Hiru egunez eduki zuen hilotza etxean, bere arrebaren eta gure amaren ahizparen zain. Frantziara menditik igaro ziren, baina ez ziren iritsi azkenik hiletara. Hango hilerri handi batean hilobiratu zuten, eta urte luzez egon zen han». Aita hil zenean euskal gobernuak begirunez jokatu zuela ere gogoan du Garbiñek.
Aita hilda, beste etapa bat hasi zen Karmen eta Garbiñerentzat Frantzian, Arantxak oraindik Gipuzkoan jarraitzen zuelako. Hilabete egin zuten lehenik Ustaritzen (Lapurdi), eta hara ezkonduta zegoen Urtatzazar baserriko emakume batek lagunduta, neskame lana aurkitu zuen Parisen amak, Uruguayko kontsularen etxean. Beraz, Parisera joan ziren, «eta ni interna sartu ninduten Montmartreko eskola batean, baina ez nuen oso ondo pasa». Hilabete bakarrik egin zuen han Garbiñek, eta gerrako haurrak jasotzen zituen zentro hispanoamerikar batera joan zen gero. «Enbaxada baten antzekoa zen. Kataluniako moja errepublikar batek zeraman, eta han oso ondo hartu ninduten, ondo jan eta janzten ginen, oporretara eramaten gintuzten urtero Espainiara… ». Bost urte egin zituen zentro hartan, azken lauak ahizparekin batera, hura ere joan zelako azkenean Parisera. Frantsesa ondo ikasi zuten, eta ikasketak ere egin zituzten, Batxilergoa amaitzeraino. «Baina amarik gabe geunden, nik neuk han egon nintzen bost urtetan ez nuen gau bat bera ere lo egin amarekin, nahiz eta bisitak izaten genituen».
Behin betiko itzulera
Arantzak Batxilergoa amaitu zuenean, hiruren artean Legazpira itzultzea erabaki zuten. Garbiñek 15 urte zituen, eta Arantxak 17.
Herrira itzuli eta gutxira, Araiako (Araba) Isidro Ibarniarekin ezkondu zen Karmen, eta San Ignazio auzoan jarri ziren bizitzen.
Arantza lanean hasi zen, hainbat enpresatarako frantsesezko itzulpenak egiten, eta klase partikularrak ematen, baita eskoletan ere. Bitoriano Arrazolarekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituen.
Garbiñe brodatzen ikasten hasi zen, eta Donostiara joan zen gero hango Casa Moro arropa dendan lan egitera. Urte betera, Patrizio Etxeberriaren lantegiko artxiboan sartu zen lanera. Jose Aldabaldetrekurekin ezkondu zen, eta beste hiru seme-alaba izan zituen.
Bi bikoteak eta familiak bereizi ezinak izan ziren eta dira.
Aitortza falta
Legazpira itzuli zirenean familiak jasan zuena bidegabekeriatzat jo du Garbiñeren alaba Karmelek. «Frantsesak» deitzen zituzten, gerra garaian alde izana leporatu zieten, eta guztiek baztertu egin zituztela dio. «Egia da herritik joan zirela, eta zortea izan zuten, ez zutelako gerra pairatu, baina kanpoan bizitakoa ez zen ederra izan. Gainera, aitonak EAJ-ren eta Eusko Jaurlaritzaren alde egindako lanak ez du jaso merezi zuen aitortzarik, batez ere Legazpin».
Gerrako Haurretako bat izateagatik Donostian Garbiñek jaso berri duen omenaldiaren harira, berriz, «ez dugu inolako keinurik ikusi udalaren aldetik, eta hori mingarria da. Begirune gehiagoz tratatu gaituzte herritik kanpo».
Bi ahizpek jasoa zuten aurretik nolabaiteko aitortza Arantza hil aurretik, Gerrako Haurrak izateagatik. Memoria historikoa lantzen duen Intxorta 1937 kultur elkarteak bien testigantzak jaso zituen, eta hori «oso garrantzitsua» da.