Legazpiko EAJ-k udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu du
Erik Galvez da alkategaia. "Talde berritua, gaztea, gaitasun handikoa eta Legazpiren alde lan egiteko ilusioz betea" da.
Legazpiko EAJ-k “talde berritua, gaztea, gaitasun handikoa eta Legazpiren alde lan egiteko ilusioz betea” aurkeztu du datozen udal hauteskundeetarako. Gaurkoa ziurgabetasunez beteriko egoera izan arren, “etorkizun ilusionagarria eta esperantzagarria” ikusten dute, eta horren alde lan egingo dutela agindu dute. Erik Galvez da jeltzaleen zerrendaburua.
“Bestelako Legazpi” leloarekin abiatu zuen EAJ-k 2015ean momentuz bi legealdi iraun duen agintaldia. Herritarrei zabor bilketa sistema erabakitzeko aukera emanez hasi zuten ibilbidea, udalaren kudeaketa modernizatzeari ekin zioten gero, eta “erakundea herritarrei hurbiltzeko helburuz”, LegazpiOn aplikazioa jarri zuten martxan, eta orain, berriki, bulego elektronikoa ireki dute Laubiden. Pandemia garaiko une zailak ere ez dituzte ahaztu nahi urte hauetan egindako lana laburtzean.
Aurrera begirako egitasmoak
“Herri zoragarria dugu” diote, eta etorkizun itxaropentsua duela nabarmendu dute, “kultur, kirol eta gizarteko erakundeen ekimenak bultzatuz, gizarte kohesioaren alde egin dugulako”. Ildo horretatik, Legazpik dituen erronkei elkarlanetik abiatuta heldu behar zaiela esan dute. Erronka horien artean, biztanleen zahartzea dago, eta “horregatik inbertitzen dugu gure aurrekontuen %20 pertsona nagusietan”. Hor kokatu dute Ezkurrenea eraikinean gauzatzen ari diren proiektua, “belaunaldiartekotasunean oinarritutako zaintza sistema aitzindaria” izango duena eta nagusientzako zaintzapeko etxebizitzak eta gazteentzako alokairu sozialak bilduko dituena.
Hori guztia lortzeko baliabide ekonomikoak ezinbestekoak direla ere aipatu dute, eta gehienak industriatik datoz. “Legazpik industria ehun garrantzitsua du” eta hori zaintzen jarraituko dute, orain dauden enpresak eta sortu daitezkeen berriak, hain zuzen. Alde horretatik, SPRI erakundea Sidenor ohiko eremuan egiten ari den lana azpimarratu dute.
Baliabide ekonomikoak lortuta, inbertsioak iritsiko dira. Gogoratu dutenez, azken zortzi urteetan 7,2 milioi euro inbertitu dituzte auzoetan, eta datozen lau urteetarako proiektu berriak dituzte, Entzunez Eraiki ekimenaren barruan herritarrei egindako 450 elkarrizketetan entzundakoari jarraituz osatutakoak: Aizkorri kalea hobetzea, Urtatzako ur biltegia berreskuratzea, Latxartegi parkea berritzea, San Ignazioko txabola guneari irtenbide bat ematea, bidegorria osatzea, tren geltokia bukatzeko ADIF presionatzea eta “industria, merkataritza, kultura, euskara eta kirola sustatzeko politikak garatzea”.
Hautagai zerrenda
Hori guztia aurrera eramateko, Erik Galvezek gidatzen duen hamar emakumezkoz eta sei gizonezkoz osatutako taldea egin dute:
1. Eric Galvez, 37 urte. Zuzenbidean graduatua, Herrigintzaren berrikuntzan graduondoa. Gidarien azterketa psikofisikoak egiteko enpresa bat du. Lurraldea arloko zinegotzia, EAJ-ren bozeramalea eta alkateordea da Legazpiko Udalean. Azken legealdian EAJ-ren bide azpiegituretako bozeramalea izan da Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta 2020etik Legazpiko EAJ-ko burua da.
2-Amaia Aizpurua, 43 urte. Ingeniari tekniko mekanikoa, eta industria antolakuntzako ingeniaria. Orkli S.Coop-eko kalitate burua da. Korosti dantza taldeko koordinatzailea da, errege kabalgatako eta haur danborradako antolaketa taldeko kidea da, eta Haztegi ikastolako errektore kontseiluan dago.
3- Miryam Galilea 41 urte. Kazetaria eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Berriemailea izan da 16 urtez El Diario Vascon. Domingo Agirreko guraso batzordeko eta Oripavi elkarteko kidea da.
4- Edurne Matias, 30 urte
Psikologian graduatua eta masterra hezkuntza premia berezietan. Hezkuntza saileko oposaketak prestatzeko akademia bateko irakaslea da. Proyecto Hombre eta Uliazpiko boluntarioa izan da, eta Marokon eta Kenyan izan da boluntario lanak egiten.5- Josu Galilea, 37 urte
Magisteritzan diplomatua, heziketa fisikoan. Eskola kiroleko entrenatzaile izan da 10 urtez. Caldereria Urretxun egiten du lan.6- Mikel Alberdi, 41 urte
Ingeniaritza informatikoan lizentziatua. CIE Legazpiko informazio sistemen arduraduna da. 18 urte daramatza CIEn.7-Francisco Javier Iraeta, 71 urte
Jubilatu zen arte, GKN Driveline enpresan lan arriskuen prebentziorako arduraduna. Zinegotzia izan da 32 urtez, duela 37 urte Andraitz saskibaloi klubeko lehendakaria da, eta Legazpiko Kirol Sarietako bat jaso zuen lehen edizioan. Nagusilaneko kidea da, eta elikagaien bankuan laguntzen du.8-Ane Urkiola, 56 urte
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria. Zinegotzia izandakoa eta Eusko Legebiltzarreko kide ohia. Zuzenbidean lizentziatua da, masterra du Enpresen Kudeaketan, eta graduondoa Administrazio Publikoan.9-Aitziber Beldarrain, 47 urte
Eusko Jaurlaritzako Erakundeen Baliabideetako Zuzendaria da. Ekonomian lizentziatua da. Ikatza argazki elkarteko kidea da.10 – Maite Lonbide, 60 urte.
Gizarte zerbitzuetako zinegotzia. Gizarte langintzan diplomatua, eta masterra Gizarte zerbitzuen kudeaketan eta administrazioan. Etxez etxeko laguntza zerbitzuko eta zaintzapeko etxebizitzetako koordinatzailea izan da 32 urtez, eta Eguneko Zentrokoa 24 urtez .11- Iñigo Imaz, 55 urte.
Zinegotzia azken 8 urteetan. Ilintxa klubeko kide da duela 30 urte, eta igeriketa klubekoa ere izan da 10 urtez. Korosti dantza taldeko zuzendaritza taldekoa izan da 4 urtez. GKN Drivelinen egiten du lan.12- Amaia Zaldua, 70 urte.
Urola S.Coop-eko langilea eta ostalaria izan da. Jubilatuta dago, eta zinegotzia da.13- Koldobike Olabide, 60 urte.
Legazpiko alkatea 2015etik. Zientzia kimikoetan lizentziatua. Urola Garaiko Mankomunitateko, Uggasako eta UGLEko lehendakaria izan da. Eudeleko exekutibako kidea izan da, eta herri mailan hainbat elkartetako kide izan da.Ordezkoak
14- Maria Gloria Martinez de Gereñu.
15- Olatz Urrestilla.
16-Iñigo Alberdi.