Legazpiko sozialistek udal hauteskundeetarako programa aurkeztu dute
Hirigintza hobekuntzak, gizarte zerbitzuen sustapena, enpleguaren sorkuntza eta ingurumena dira programaren lerro nagusiak.
Legazpiko sozialistek udal hauteskundeetarako programa aurkeztu zuten atzo arratsaldean Kultur Etxeko areto nagusian. Oskar Valbuena PSE-EEren alkategaia arduratu zen programaren aurkezpenaz, Jose Ignazio Asensiok Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusirako hautagaiak eta Legazpiko zerrendan doazen Nerea Lopez de Herediak, Jesus Santurdek eta Ascen Gonzalezek lagunduta. Valbuenak adierazi zuenez, “udalerria gobernatzeko asmoa” du, “guztien bizimodua hobetzeko, inor atzean utzi gabe”.
Sozialisten hauteskunde programa lau bloketan dago banatua, eta hirigintzar alorreko hobekuntzak, gizarte zerbitzuen sustapena, enpleguaren sorkuntza eta ingurumena dira lerro nagusiak.
Hirigintzaren hobekuntza
Hirigintzaren blokean, “genero ikuspegia, ekipamendu gehiago eta egungo egoerarekin bat datorren etxebizitzen garapena” jasotzen dituen Hiri Antolamendurako Plan Orokor berri baten alde egin dute sozialistek. Zehazki, Azpikoetxe eta Hegialdeko eremuen garapena, eta gazteentzako etxebizitza babestuak eta alokairuzkoak sustatzea proposatu dute.
Auzoak eta espazio publikoak ere ez dituzte ahaztu, eta bi alor horietan urtero “gutxienez milioi bat euro inbertitzea” proposatu dute, irisgarritasuna, argiteria, parkeak eta topaguneak hobetuz, “Legazpi atseginago bat” lortzeko helburuz. Ildo horretan, “lehentasunezko zazpi jarduketa” zehaztu zituen Valbuenak: hezkuntza eta gune soziosanitarioetan pasabide adimentsuak jartzea; Hegialden aparkaleku gehiago eta gizarte zentro bat egitea; Urtatzan, Laubiden, San Juanen, San Ignazion, Itxaropenenen eta Bikuñan traba arkitektonikoak kentzea eta Aizkorri-Itxaropen igogailua jartzea; San Martinen bide berri bat egitea eta Muruko bidegurutzea eta Aizkorri kalea konpontzea; Saturnino Telleriako ur depositua berreskuratzea eta Latxartegi eta San Ignazioko parkeak birmoldatzea; eta Urtatzako eta futbol zelaiko parkeak estaltzea.
Gizarte zerbitzuak eta kirola
Gizarte zerbitzuen atalerako asmoen artean, “estrategia berri bat” martxan jartzea aipatu zuen Valbuenak, zaintzan arreta jarrita. Horrela, etxeko zaintzaren alde eta gizarte bazterkeriaren aurka egingo du, eta Bellotaren pentsio zaharrean zaintzapeko etxebizitzak bultzatuko ditu.
Gainera, eskaintzen diren zerbitzuen azterketarako erakunde bat sortzea nahi du, erabiltzaileak, familiak, langileak eta udal teknikariak bilduz.
Kirolari dagokionez, gimnasioa handitzea, Domingo Agirreko kantxako teilatua konpotzea eta Irene Paredes kirol gunean eraikin berri bat egitea proposatu du, baita Bikuña kiroldegiko eta Kultur Etxeko ordutegiak luzatzea ere.
Hiri segurtasuna ere aipatu zuen Valbuenak, besteak beste udaltzainen kopurua handitzea proposatuz.
Ekonomia eta enplegua
Sozialisten programan ekonomia eta enpleguaren sustapena ere jaso dute. “Industria eta herriko merkataritza bultzatu nahi ditugu, enpresa txikiari lagundu eta turismoaren sektorearentzako aukera berriak bilatu”.
Baina bloke honetako proiektu “nagusia” Sidenor eta SFP enpresetako eremuen berroneratzea da. Berrikuntza zentro bat sortzea, industria sektorearen ekonomia zirkularrari jarraituz enplegua sortzea eta ontziak sailkatzeko planta lekuz aldatzea ere proposatu dute.
Ingurumena
Azkenik, “legegintzaldi honetan egin dugun bezala”, garapen jasangarriaren alde lan egiten jarraituko dute. Horretarako, eraginkortasun energetikoaren eta energia berriztagarriaren aldeko inbertsioak eta lehen energia komunitatearen sorkuntza bultzatuko dituzte.
Mugikortasun elektrikoan ere jarriko dute arreta sozialistek, eta herriko garraio zerbitzua ere hobetuko dute. Aparkatzeko ordenantza aldatzea ere proposatzen dute, eta Plazaolako formula herriko beste gune batzuetara zabaltzea dute asmoen artean. Motxorro-Mirandaola eta Mirandaola-Telleriarte bidegorri zatiak konpontzea eta Legazpiko tren geltoki berria egiteko ADIF-ekin lankidetzan jardutea ere nahi dute.