«Apustu bat izan da bakarka hastea eta disko hau ateratzea»
Musika lazkaotarrak 'Loratzen' bakarkako lehen diskoaren birako bigarren kontzertua egingo du igandean jaioterrian.

Aurreneko emanaldiak egiten hasi zara, Loratzen disko berriarekin. Zer moduz?
Bai. Aurreko ostegunean Bilbon eman genuen lehen kontzertua. Igandean Lazkaon ariko gara, eta maiatzaren 12an, Donostian. Bilbon, ondo eta oso gustura aritu ginen estreinaldian, egia esan. Lehenengoa izanda, urduritasunak hor egon ziren, eta prestatutakoa ondo aterako ote zen edo jendeari gustatuko zitzaion kezka. Baina gu oso gustura geratu ginen, jendea ere bai, eta, beraz, ondo.
Lazkaon, igandean, kuadrillen egunean emango duzu kontzertua. Polita izango da herrian jotzea, baina konpromisoa ere bai, agian?
Bai, Konpromsioa ere bada. Berezia, bi aldeetatik izango da. Etxean egonda, ondo inguratuta egongo naizela badakit. Baina presio gehigarria da ezagunen aurrean jotzea, eta nabaritzen da.
Loratzen diskoa zer moduzko harrera ari da jasotzen?
Oso harrera ona izaten ari da. Ez zuen espektatibarik jarri, egia esan. Apustu bat izan da bakarkako ibilbide hau hastea eta disko hau ateratzea. Aurretik egin dudan ezeren antzarik ez dauka. Jendea oso jatorra izaten ari da, abestiak entzuten ari da, eta eta oso pozik nago.
Sei abesti dira. Zer estilotan kokatuko zenituzke?
Pop estiloa jorratzen da, batez ere, estiloari dagokionez. Baina soinu organikoak eta elektronikoak uztartzen saiatu gara, baita ere. Abestiak ordenan entzunez gero, eboluzio edo trantsizio bat, loratze prozesu hori kontatzen dute, nerabezarotik heldu izatera pasatzen garen unean gertatzen zaizkigun gauzak eta bizipenak.
Esperotako hasiera ari zara izaten bakarkako ibilbidean?
Lortu dugun emaitzarekin oso harro nago. Lan handia dago atzetik, eta prozesua oso aberasgarria izan da. Oraingoz, etorkizunera begira ez daukat espektatiba berezirik. Sortzen denaren arabera, horrekin joango gara bidea egiten.
Zuzeneko emanaldietarako zer talde duzu?
Denera, oholtzan lau musikari egoten gara: ni eta beste hiru. Baxuan Julen Sagarna, baterian Jon Sagarna eta gitarran Jon Antza. Lehen emanaldiaren ondoren, ondo uztartu garela esango nuke. Hori bai, pila bat entseatu dugu, oso serio hartu dugu hau, eta espero bezala atera da. Noski, emanaldi bakoitzetik ikasten da zerbait, eta lehenengotik are gehiago. Baina egindako lana islatzen da zuzenekoetan. Ondo pasatzeko da, bai jendearentzat, eta bai oholtzan egongo garenontzat.
Nolako kontzertua izango da igandeko Lazkaokoa?
Printzipioz, errepertorioa lehenengo kontzertuko berdina prestatu dugu. Diskoko sei abestiez gain, pare bat bertsio joko ditugu, eta diskoan sartu ez diren abesti berri batzuk ere bai. Olaia Intziarte dago aurretik, eta emanaldi polita geratuko dela ziur nago.
Zeuk festetarako tarterik hartuko duzu?
Bai, baina kontzertuaren ondoren egingo dugu festa. Eta ziur ondo pasatuko dugula.