Gernikaren aurka jokatuko du bihar Ampo Ordiziak, Altamiran
16:00etan izango da. Biharkoaz gain, Ampo Ordiziari beste partidu bat falta zaio bigarren itzulia bukatzeko, 2. jardunaldian bertan behera geratu zena, Complutense Cisnerosen aurka.
Ampo Ordiziak Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearen aurkako derbia jokatuko du bihar, 16:00etan, Altamira zelaian. 14:00etatik aurrera, bazkaria egingo dute zaleek Altamiran, Burrunbazale txarangak girotuta.
Bigarren itzuliko 7. jardunaldia izango da, azkena. Hala ere, ordiziarrei beste partidu bat falta zaie jokatzeko, 2. jardunaldian bertan behera geratu zena, alegia. Complutense Cisnerosen aurka izango da jokatuko duten azkenekoa, maiatzaren 13an. Bigarren itzulia lehenengo bi postuetan amaituz gero, ligako playoff-ak jokatuko dituzte. Maiatza bukaeran izango dira final laurdena eta finalerdia, eta ekainean finala. Lehenengo postuan geratuz gero, lehen multzoko bigarrenaren aurka jokatuko lukete, eta bigarren geratuz gero, lehen multzoko lehenaren aurka.
Complutense Cisneros dago lehen postuan bigarren multzoan, 47 punturekin, eta Ampo Ordizia bigarren, 39 punturekin. Atzetik dauka, 37 punturekin, Pasek Belenos.