Lazkao, festa egun handietan
San Prudentzio eguna ospatuko dute gaur lazkaotarrek. Eider Saezek igande gauean kontzertua joko du, bakarkako bidean bigarrena. Kirolean, bizikleta eta aizkora.

Mozorroa erantzi eta benetako festazale sena ateratzeko ordua iritsi zaie lazkaotarrei. Atzo arratsaldetik astelehenera ospatuko dituzte San Prudentzio jaien egun beteenak.
Gaur eguartean ohiturazko ekitaldiek hartuko dute pisua: meza ermitan, agintariak dantzan, trikitia… Baina, asteburu osoan bezala, kirolak lehen agerpenak egingo ditu. Pilotak, batetik. Herriko lehiaketako finala gaur jokatuko dute, eta gauean V. Bikotekako Krosa. 14 urtera artekoen probak 20:00etan hasiko dira, eta helduena 21:00etan. 5 kilometroko kale-ibilbidea da.
Antzar Korrikalariek antolatutako krosean izen-ematea doan da (Kronoak.com-en). Sariak, dirutan, bikoteko 150 euro, 100, 75 eta 50eko bi banatuko dituzte. Herriko lehen bi bikoteek ere 75 eta 50 euro jasoko dute.
Umeen eguna bihar, larunbata, izango da, puzgarri, jolas parke eta haurren bazkariarekin. Etzi kuadrillen txanda da.
Txirrindulari karrera
Euskaldun txapelketako txirrindulari karrera zaharra ere bihar jokatuko da, 80. aldiz. Eliteko eta 23 urtez azpiko euskal egutegiko proba da, 129 kilometrokoa. 09:30ean abiatuko dira. Larraitz bi aldiz (Zaldibiatik), Lazkaomendi bi aldiz (Zaldibiatik, azkenekoa helmugarako 4 kilometroren faltan), eta Olaberria eta Gaintza igo beharko dituzte. Helmugaratzea 12:38an dago aurreikusita, erritmo bizienean.
Jai hauetako berritasun bat erraldoien topaketa izango da. Sant Feliu de Llobregateko konpartsakoei bihar egingo diete udaletxean harrera, eta Lazkaokoekin batera kalejiran irtengo dira gero. Lazkaotarrek Kataluniara egin zuten bisita itzuliko diete horrela. Igandean, berriz, bost herritako erraldoiak elkartuko dira Lazkaon.
Aizkolarien lehiaketa
Agurreko egunean, astelehenean, Urrezko Aizkolarien 26. Banakako Txapelketa jokatuko da, 12:00etan, plazan. Hamabi aizkolari ariko dira lehian: Amundarain, Corchero, Igoa, Kañamares III.a, Kañamares IV.a, Naredo, Soroa, Benito, Garaiburu, Irazabal, Rodriguez eta Txapartegi. Harriarekin, berriz, gizonenean Azpiazu eta Eitza, eta emakumeenean Esnaola, Zinkunegi eta Gesalaga.
Ikastolaren erakusketa
San Benito ikastolak, bere aldetik, afari zerbitzua gauero emateaz gain, ikasleek egindako artelanen erakusketa jarriko du. Gaur, bihar eta etzi, 12:00etatik 14:00etara ikusi ahalko da, HH-LH eraikinaren sarreran.