Urretxuko PSE-EEk udal hauteskundeetako hautagai zerrenda aurkeztu du
Urretxuko PSE-EEk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako hautagai zerrenda aurkeztu du. Sozialistek, Alex Gonzalez buru dutela, aldaketaren hautagaitza gisa aurkeztuko dute beraien burua. “Urretxu berria” lortu nahi dute, bizilagunekin elkarlanean.
“Taldeak udal eta foru esperientzia eta kudeaketa bateratzen ditu, eta, gainera, Urretxurekin konprometituta dago”, esan du alkategaiak. Eskerrak eman dizkie hautagaitzako kideei, “Urretxuren alde eta Urretxurentzat lan egiteko duten ilusioagatik eta jarreragatik”. Ziur daude “ahalmen handiko” lantaldea eratu dutela, eta hurrengo legegintzaldian hala erakusteko gogotsu daude. “Elkarrizketan eta adostasunen bilaketan oinarrituta” lan egingo dute eta, horretarako, “politikarik onena” baliatuko dute, “seriotasunean eta eraginkortasunean” oinarritzen den kudeaketarekin.
Hurrengo legegintzaldirako helburu “nagusietako” bat garapen ekonomikoa eta enplegua dira. Hori dela eta, Gonzaalezek tokiko produktuen merkatu bat sustatu nahi du eta, horretarako, alde zaharreko lokalak egokitu eta suspertu. Era berean, gazte enplegua sustatu nahi du, enpresetako praktika programen bidez eta Lanbide Heziketako zentroekin hitzarmenak eginez.
Bestalde, gizarte zerbitzuak ere lehentasunezkoak izango dira Urretxuko PSE-EErentzat. Tutoretzapeko etxebizitzak edo zerbitzu jakin batzuk dituzten apartamentuak sustatu nahi dira adinekoentzat edo premia bereziak dituzten pertsonentzat, eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetu nahi da. Helburua gure adinekoen ongizateari eta bizi kalitateari eustea da. Horretarako, belaunaldien arteko proiektuak sustatuko dituzte, irisgarritasuna hobetuko dute eta zaintzara bideratutako gizarte zerbitzuen eredua sustatuko dute.
Kirol elkarteen beharrak ere aintzat hartu dituzte. Hala, Urretxuko lokalak birgaitzeko lana aprobetxatuz, lokal horiek entitate horiei laga nahi dizkiete. Besteak beste, Goierriren mendi sailari.
Horra hor hautagaien zerrenda:
1. Alex Gonzalez. 22 urte. Biologia ikasi du Leoongo Unibertsitatean, eta, gaur egun, Farmakologia. Medikamentuen Garapena, Balioespena eta Erabilera Arrazionala Masterra egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean.
2. Jokin Garcia: Bellotan lan egin du eta, gaur egun, Rozalman ari da lanean. Urretxuko zinegotzia, 2019tik.
3. Nati Nieves: Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolamendua departamentuko kabineteko burua da. Departamentu hori Rafaela Romero diputatu sozialistak zuzentzen du. Urretxuko zinegotzia 2015etik. 2017tik, Urretxue eta Zumarragako talde sozialistaren antolamenduko idazkaria da.
4. Juani Fernandez: Osakidetzan lan egin du, kudeaketan. Zumarragako zinegotzia izan zen 1983tik 1995era.
5. Javier Martin: Merkataria da eta Urretxuko zinegotzia izan da 2011tik 2019ra.
7. Josee Antonio Gonzalez: Sidenorren lan egin du, eta UGTko ordezkari sindikala izan da.
8. Vicky Badillo: Irakaslea da Laborategi eta Prozesu Kimikoko Eragiketen espezialitateetan Don Bosco Paper Eskolan. Bertan, zuzendaritzako zenbait kargu ere izan ditu: zuzendariordea, administratzailea eta kalitate arduraduna. Zumarragako zinegotzia izan zen 1999tik 2015era.
9. Antonio Navarro: Administrari lanetan dihardu multinazional batean. Zinegotzia izan da Zumarragan, 2011tik 2015era. Urretxu eta Zumarragako talde sozialistako idazkari nagusia izan da 2015etik 2021era.
10. Lourdes Canduela: Zumarragako ospitalean lan egiten du, administrari lanetan, larrialdi-zerbitzuetan. Zinegotzia izan zen Zumarragako Udalean, 2007-2011 legegintzaldian.
11. Maria Angeles San Martin: kide sozialista “bikaina”.
12. Ricardo de la Iglesia: Madayako eta Labekoako langilea izan da, baita ordezkari sindikala ere. Langile Komisioetan zenbait erantzukizun izan ditu, eskualde eta herrialde mailan. Espainiako Alderdi Komunistako militantea izan zen, eta erantzukizunak izan zituen herritarren eta udal mailako mugimenduan.
13. Ricardo Lozano: Sarralden lan egin du eta Enpresa Batzordeko kide izan da, UGTrekin. Urretxuko zinegotzia izan zen 1983tik 1991ra eta 1995etik 1999ra. Zumarragan, 2003tik 2015era. Urretxu eta Zumarragako talde sozialistako antolamenduko idazkaria ere izan zen.