Unai Zubeldiak irabazi du Legazpiko Santikutz klasikoa
Ibarrako txirrindulariak 23 segundoko aldea atera die tropelean bigarren eta hirugarren postuan sartu diren Thomas Silvari eta Alex Diazi. Laboral Kutxak irabazi du taldeko saria.
Santikutz Klasikoaren 89. edizioko txapela eta garaikurra irabazi ditu Ibarrako Unai Zubeldiak gaur goizean Legazpin hasi eta bukatu, eta Goierriko errepideak zeharkatu dituen lasterketan. Elite eta 23 urtez azpiko Espainia osoko ia 200 txirrindularik parte hartu dute Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatutako proban, eta 132k lortu dute 167,2 kilometroko ibilbidea osatzea, batez besteko 38,008 kilometro orduko abiadurarekin. Zubeldiarekin batera, helmugara 23 segundora sartu diren Thomas Silva eta Alex Diaz urretxuarra igo dira podiumera. Laugarren postuan Nikolas Alustiza zumarragarra sailkatu da, 23 segundora hori ere. Taldeko saria Laboral Kutxak irabazi du.
Kotxean lasterketa barrutik jarraitu duen Jokin Matxinandiarena antolaketa taldeko kideak azaldu duenez, “proba oso borrokatua izan da, batez ere Caja Rural eta Laboral Kutxako taldeen artean”. Borroka hori, hain zuzen, sailkapenean islatu da, Zubeldia irabazlea Laboral Kutxakoa delako, eta Silva bigarrena, eta orain arte Espainiako Kopako liderra, Caja Ruralekoa. Lasterketak denetik izan du, erorikoak eta ihesaldiak tarteko. Aurrean hamar-bat laguneko talde bat ibili da azken kilometroetan, eta Mantxolatik Atagoitira doan Kirtenberg aldapa gogorrak ezin izan du talde hori hautsi. Hala ere, azken kilometroetan Zubeldiak ihes egitea lortu du. “Horrelako talde bati ihes egiteko berezko indarra behar da, eta lortu duen 23 segundoko aldea helmugaraino eusteko, baita aldapan behera ere, oso azkarra izan behar da”, esan du Matxinadiarenak, “azkenaldian oso ondo dabil, ematen du bere unerik onenean dagoela Zubeldia”.
Lasterketa 09:00etan abiatu da Legazpitik, eta 13:24an iritsi da Kale Nagusiko helmugara Zubeldia. Txirrindulariak helmugaratu eta gero sari banaketa ekitaldia egin dute, eta sarien artean aipamen berezia egin diote Ane Urtzelairi, aurtengo probako garaikurrak egiteagatik.
Sailkapenak eta sariak:
1. Unai Zubeldia, Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi: 4:24:06
2. Guillermo Thomas Silva, Caja Rural-Alea: 23 segundora
3. Alex Diaz, Baque Team: 23 segundora
4. Nikolas Alustiza, Laboral Kutxa-Fundacion EuskadiTaldeko saria: Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi
Mendiko saria: Jaume Guardeño, Caja Rural-Alea
Tarteko helmugetako saria: Samuel Fernandez, Caja Rural-Aela
Lehen euskalduna: Unai Zubeldia, Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi
Lehen gipuzkoarra: Unai Zubeldia, Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi
23 urtez azpiko lehen sailkatua: Unai Zubeldia, Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi