Tradizio eta aitortza egunak Legazpiko jaiei amaiera emateko
Ohiturari jarraituz, ezpata-dantza egin dute eguerdian Sustraiak dantza taldeko kideek plazan. Olaria saria ere eman du alkateak, Nagusilan elkarteari. Atzoko danborradan omenaldia egin zitzaien Floren Gutierrez, Eva Aztiria Mikel Gurrutxaga eta Inma Urtzelairi, azken urteetan egindako lanagatik.
Maiatzaren 3a da gaur, Santikutz eguna, eta, aldi berean, ostiralean hasi ziren Legazpiko jai nagusietako egun handia. Tradizioak agintzen du gaurko egunez ezpata-dantza egin behar dela plazan, eta ohitura berriago bati jarraituz, herriko erakunde edo pertsona bati aitortza egin behar zaio Olaria sariaren bitartez.
Tradizioa betetzeko ardura Sustraiak dantza taldeak, Goiz Deia txistulari bandak eta Ezpelur dultzainero hirukoteak izan dute, eta ohitura berriago hori udalaren eta herritar guztien esku egon da. Beste urte batez, maiatzaren 3arekin konplitu du Legazpik.
Ezpata-dantza eta Olaria
Dantzariek eta musikariek ikuskizun bikaina eskaini dute eguerdian plazan, eta XVII. mendetik egiten den ezpata-dantza interpretatu dute hasteko. Aurten, Ane Mugerzak izan du ezpata luzeekin egiten duten arrosaren gainera igotzeko ardura. Soka dantzak, zinta dantzak eta larrain dantzak osatu dute saioa, baita Olaria saria jaso duten Nagusilan elkarteko kideei eskainitako agurrak ere.
Olaria saria Koldobike Olabide alkateak entregatu dio Nagusilani legazpiar guztien partez. Nagusilanetik, Axun Ugartek eta Juana Mari Orikainek jaso dute garaikurra, eta taldekide guztiekin konpartitu dute gero, familia argazkia aterata. Herriko pertsona nagusiak laguntzen jarraituko dutela agindu dute, eta boluntario gehiago eskatzeko baliatu dute saria jasotzean egin duten hitzaldia. Txalo zaparrada galanta jaso dute egiten duten lanagatik.
Herri danborradan ere, aitortza
Beste txalo zaparrada handi bat jaso zuten atzo gauerdian udaletxeko balkoian zeudela Floren Gutierrez eta Eva Aztiria eta Mikel Gurrutxaga eta Inma Urtzelai senar-emazteek. Urte askoan herri danborrada antolatzen ibili ondoren ardura hori beste talde bati utzi diote aurten, eta atzokoan parte hartu zuten 520tik gora lagunek omenaldi txiki bat egin zieten plazan, Ane Belokik sortutako bertso hunkigarri bat abestuz.
Mirandaola egunarekin, amaiera
Festak aurrera jarraituko du gaur, eta besteak beste, Ormazarreta zalditegiaren erakustaldia izango da Kale Nagusian 19:00etan, eta Puro Relajo talde nafarraren emanaldia plazan 20:00etan. Horrela amaituko da aurtengo Santikutz jaietako lehen txanpa.
Asteburuan ere izango da festarako aukera, eta larunbatean, marrazki lehiaketa eta Kapela dantza ekitaldia izango dira. Igandean amaituko dira festak Mirandaola egunarekin. Meza eta ezpata-dantza izango dira eguerdian, burdinola martxan jarriko da, eta parkean, dantza, musika, bertsoa eta taloak eskainiko dituen erromeria egingo da. Herri bazkaria ere izango da, eta herrira kalejiran itzuli ondoren erraldoiek eta Trapalata txarangak egingo duten azken birarekin, agur esango diete legazpiarrek aurtengo Santikutz jaiei.