Legazpiko EAJ-k gaztetasuna, esperientzia eta "herriaren etorkizunarekiko ilusioa" uztartzen dituen hautagaitza aurkeztu du
Eric Galvez alkategaiak Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak lagunduta egin du aurkezpena.
Legazpiko EAJ-k maiatzaren 28rako hautagaitza aurkeztu du joan den ostiralean Kultur Etxean egindako ekitaldi batean. Eric Galvez alkategaia Gipuzko Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrekin batera agertu zen jarraitzaileen aurrean ekitaldian.
Eric Galvez Alvarez gaurko alkateordea da EAJ-ren zerrendaburua, eta nabarmendu zuenez, “ziurgabetasun garaian bizi garen arren, ilusioz beteta gaude Legazpiren etorkizunarekin”. Berarekin aurkezten den taldearen “potentziala” ere azpimarratu zuen, “gaztetasuna eta esperientzia batzen baititu, eta etorkizuneko Legazpi eraikitzen jarraitzea nahi duten bi belaunaldi ezberdin ordezkatzen dituelako.
Galvezek, bestalde, egungo Udal Gobernuak eta Koldobike Olabide alkateak egindako lana goraipatu zuen, “Legazpi hobea utzi baitigute”, eta atzetik datozenek “erronka handia” dutela esan zuen.
Proposamenak eta proiektuak
Herriak etorkizun “oparoa” duela ere nabarmendu zuen. “Gizarte-kohesioa landu dugu, tokiko kultura-, kirol- eta gizarte-erakundeen ekimenak babestuz. Izan ere, uste dugu erronkei aurre egiteko gizartearekin elkarlana eta erakundeen arteko lankidetza hartu behar direla kontuan”. Ondoren, hainbat proiektu esanguratsu aipatu zituen, Ezkurrenea ardatz duen belaunaldien arteko lankidetza-proiektu aitzindariarekin hasita. Herriko industria-sarea zaintzen jarraitzea eta enpresa berriak erakartzea ere aipatu zituen proiektuen artean.
Politika egiteko “modu berrien alde” ere egin zuen, eta Entzunez Eraikiz prozesua aipatu zuen du, herritarren kezkak eta arazoak ezagutzeko egin diren inkestak, alegia. Horren harira proposatzen dituzten hainbat ekintza zehatz aurkeztu zituen alkategai jeltzaleak: Aizkorri kaleko ardatz nagusia hobetzea, Urtatzako depositua berreskuratzea, San Inazioko txabolen inguruan aparkaleku bat eta aisialdirako gune bat eraikitzea;,Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzen jarraitzea, bidegorria amaitzea, eta ADIFek geltokiaren obrak amaitzeko presioa egiten jarraitzea. Horrekin batera, industria, merkataritza, kultura, euskara eta kirola bultzatzeko politikak agindu zituen.
EAJ-ren zerrenda
Eric Galvezekin batera, Amaia Aizpuruak, Miryam Galileak, Edurne Matiasek, Josu Galileak, Mikel Alberdik, Francisco Javier Iraetak, Ane Urkiolak, Aitziber Beldarrainek, Maite Lonbidek, Iñigo Imazek, Amaia Zalduak eta Koldobike Olabidek osatzen dute Legazpiko EAJ-ren zerrenda.