Santikutzak amaitu dira
Atzo Mirandaolan ospatutako erromeriarekin eta buruhandi eta erraldoien kalejirarekin agurtu dira aurtengo festak.
Mirandaola egunak eman die berriz ere amaiera Legazpiko Santikutzei. Atzokoa, azkeneko festa eguna izan zen, eta ekitaldi nagusiak Mirandaolako eliza eta burdinola inguruan egin ziren lehenik, eta parkean gero. Jaietako azken ekitaldia, herriko Trapalata txarangak lagunduta erraldoiek eta buruhandiek egin zuten kalejira izan zen.
Goiz Deia txistularien kalejirarekin hasi zen eguna, herrian bertan. Gero, prozesioan abiatu ziren Mirandaolarantz, eta han, meza eta olagizonen eta udal agintarien ohorez Sustraiak eta Korosti dantza taldeko kideek egin zuten ezpata-dantza egin zituzten. Burdinola martxan ikusteko aukera ere izan zen gero.
Parkean, bitartean, jaialdia egin zuten Domingo Agirre eta Haztegi ikastetxeetako bertsolariek, Sustraiak eta Korosti dantza taldeetako dantzari txikiek, Doinua musika eskolako trikitilariek eta dultzaineroek eta Goiz Deia bandako txistulariek. Telleriarteko taloak era salgai egon ziren.
Herri bazkaria etorri zen gero, eta bazkalondoan Lenburrek jolas saioa eskaini zien txikienei, eta Elustondo trikitilariek musika jarri zuten. Erraldoien eta Trapalata txarangarekin batera egin zen gero herrira itzulera, eta herrian bertan, buruhandiekin batera kalejira egin zuten jaiei amaiera emateko.