Antzerkia itzuliko da bihar Latxartegira
Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak ‘Ez dok ero desentxufatua’ antzezlana eskainaiko dute bihar 20:00etan, Latxartegin. Antzerkiaz gozatzeko eta barre egiteko aukera paregabea da.
Latxartegi aretoan antzerkiaz gozatzeko aukera izango da bihar 20:00etan, Tartean Teatro taldeak eskainiko duen Ez dok ero desentxufatua lanarekin. Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezle beterano eta ezagunak dira protagonistak, umorearekin batera.
Aspalditik egiten dute lan elkarrekin bi aktoreek, «Maskaradan hasi ginen aspaldian, eta Tartean taldean gaude orain. Lan asko egiten dut Patxorekin», zehaztu du Martinezek. «Patxo dramaturgo oso ona da, eta niretzat luxu bat da berak idatzitako testuekin lan egitea, baita aktore bezala ondoan izatea ere».
Ez Dok Hiru taldea
Legazpin eskainiko duten lanean «bikote komiko berezi samarra» osatzen dute, antzeko formatuko obrak eskaintzeko osatu duten Ez Dok Hiru deituriko bikotea. Larru haizetara, Euskarazetamol eta Euskara sencilloaren manifestua dira obra horietako batzuk.
Ez Dok Hiruk badu hirugarren taldekide bat, euskara. «Euskara hizkuntzarekin joko bereziak egiten ditugu, baita euskal kulturarekin ere. Horrekin nahiko barre egiten dugu geure buruarekin eta euskaldunon buruarekin, baina barre kariñosoa».
Mikelote eta Pantxo
Horixe da, hain zuzen, Ez dok ero lanaren osagaietako bat, barrea. Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa desegin da, haien formula komikoa agortuta zegoelako eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dutelako. Pantxok amore eman du, baina Mikelotek ez, eta honek bultzatuta, On Kixote eta Santxo balira bezala, euskal antzerkia salbatzera aterako dira, Euskal Herria zeharkatuz. «Kristoren indarra dute bi pertsonaiek», dio Martinezek, eta «inoiz baino hurbilago daude gugandik, aktore zaharrak garelako eta burua ere…».
Bidaia horretan hainbat geldialdi egingo dituzte, eta besteak beste, Donostiako danborradatik, Durangoko Azokatik, Arantzazuko basilikako apostoluetatik igaroko dira. «Bidean barre batzuk egiten ditugu eta eragiten ditugu». Baina barre egiteaz eta eragiteaz gain, kritika puntua ere badu obrak.
Umorea eta kritika puntua
«Nire ustez nahiko umore inteligentea da, oso ironikoa eta irakurri egin behar da. Barre egiten dugu geure buruarekin eta intentzio onarekin. Euskaldunon miseria batzuk agertzen dira, eta horiekin barre egiten dugu, baina kariño handiarekin» azaldu du aktoreak. «Nolabaiteko hausnarketa» ere badagoela zehaztu du, «Durangoko Azokan, adibidez, kontsumismoa irudikatzen dugu, eta hori kritika bat da».
Hala ere, helburu nagusia «barre egitea da, geure buruaz barre egitea, iruditzen zaigulako hori sanoa dela». Antzerkiaren munduari ere egiten diote nolabaiteko kritika, «euskal antzerkia eraberritzera gatoz, antzerki sakona, esanguratsua eta konprometitua eginda, baina porrot egingo dugu». Azken finean, «komikotasuna edo drama… inportanteena da edozein formatutan izanda ere, gauza inteligenteak eta onak egitea, eta egin daitezke».
Baina kritika puntu hori ere umorearekin zabaltzen dute, eta Ez dok ero lanean «jendeak oso ondo pasatuko du, ziur nago. Emanaldiak mundialak dira».
Antzerkia, «mundu bat»
Mikel Martinezek urte asko daramatza antzerkiaren munduan, eta Legazpira «oso gutxitan» etorri dela aipatu du. Antzerkira joateko deia egin die legazpiarrei: «Antzerkia mundu bat da, eta telebistak edo pelikula batek ematen dizunetik oso desberdina da, zuzentasun hori, hau da, zuzenean eta momentuan gertatzen diren gauzak, aktoreen energia hori..,horrek kristoren indarra dauka».
Biharko Ez dok ero emanaldira joateko gonbita ere luzatu du: «Animatu zaitezte, ez desaprobetxatu aukera. Oso ondo pasatuko duzue, eta bost urtera gogoratuko duzue oraindik. Barre egiteaz gain, ideia batzuk etorriko zaizkizu burura herri honetaz. Benetan, zorgarria da, zatozte antzerkira».
Antzezlanerako sarrerak salgai Kultur Etxean
Ez dok ero desentxufatua antzezlanerako sarrerak salgai daude Kultur Etxean, eta gaur da aurrez erosteko azken eguna. Sarrera arruntak 10 euro balio du, eta 5 euro 18 urtez beherakoentzat edo Gazte Txartela dutenentzat.Emanaldiaren egunean ere, biharko 19:00etik aurrera, erosi ahal izango dira Latxartegiko lehiatikan, prezio berean.