Gipuzkoan ur hornidura bermatuta dago
Gipuzkoako Urak Ur Partzuergoaren arabera, ura izango da urtegietan urtearen amaierara arte, euri gutxi egiten badu ere. Beharrezkoa denean, urtegi batetik bestera ura igorri daiteke
Azken orduetan euria egiten badu ere, herritarren artean kezka zabalduta dago lehortea ote dagoen edo ote datorren, eta horrek ur horniduran izan dezakeen eraginaren inguruan. Gipuzkoako Ur Partzuergoak jakinarazi duenez, ura bermatuta dago lurraldean.
Legazpiko Barrendiola, Beasaingo Arriaran, Ataungo Lareo, Elgetako Aixola, Aretxabaletako Urkulu, Azpeitiko Ibai-Eder eta Baliarraingo Ibiur urtegiak kudeatzen dituen Gipuzkoako Urak Ur Partzuergoaren arabera, eta Legazpiko udalari bidalitako txostenean jasotzen denez, Gipuzkoan ez da ur hornidura arazorik izango urte amaierara arte behintzat, euririk egiten ez badu ere. Hala jakinarazi zuten Partzuergoko ordezkariek hilaren hasieran egindako batzar nagusian, urtegi bakoitzaren egoeraren berri ematearekin batera.
Euri faltak hornidura arazoak eragiten dituela onartu du Partzuergoak, baina hori Gipuzkoan ez dela gertatzen ere zehaztu du, hemen eraikitako azpiegitura sareari esker eta uraren ziklo integrala aplikatzen duen uraren kudeaketa eredu bat erabiltzen delako.
Ura urtegi batetik bestera
Izan ere, azpiegitura horri esker, ura urtegi batetik bestera eraman daiteke, eta, horrela, ur hornidura bermatzen da guztietan. Urte hasieran, adibidez, Barrendiolatik Arriaranera eraman zuten ura.
Hala ere, euria dela eta urtegien betetze mailarako epe ertainerako eta luzerako dituzten aurreikuspenei begira, hainbat neurri ditu prestatuta Gipuzkoako Urak kontsortzioak, urtegi batetik bestera eta hornidura sarearen barruan dauden biltegietatik urtegietara ura pasatzeko, beharrezkoa denean.
Goierriko urtegien egoera
Atzoko datuen arabera, Barrendiolako urtegia bere edukieraren %96,46an dago beteta, Lareokoa %74,21ean eta Arriarangoa %73,29an.
Hiru urtegietan, iazko data hauetan baino ur pixka bat gutxiago dago orain: Barrendiola %100ean beteta zegoen iazko maiatzean, Lareo %77,58an eta Arriaran %99,18an.